Esperantza eta beldurra. Horiexen arteko hautua eginen dugu heldu den igandean Nafarroan. Esperantza gauzak hobetuko diren. Beldurra kontua txartuko ez ote den. Beldurra harrotzen eta haizatzen dabiltza agintean daudenak kanpaina hasi baino lehenagotik. Eta kanpainan, beldurra hauspotzen segitu, oro espantu eta zalaparta, jendea izutzeko nahikeria muturretaraino eramanda. Arrazoizkoari eta egunero bizi dugun errealitateari egiten ari zaizkion iruzurra begi-bistan gelditu da kanpotik ikusita, baina nork jakin berriz ere balioko ote dien. Bertze aldean, esperantza piztea izan dute lana. Urteetako etsipena inarrosi eta iluntasunean argi pindarra irazekitzea. Ez beti zuzen, ez beti eskura zeuden baliabideak ongi erabilita. Fede pixka bat bederen ereinen zuten, hala ere, oraingoan bai, egia izan daitekeela. Sinesmen apur bat, esperantzaren abiapuntu. Beldurra, gauzak dauden bezala segitzeak ematen dit beldurra.