Errege eta erregina. Espainiako lehendakaria. Generalitatekoa. Artzapezpiku katolikoa zeremonia-maisu, eta txoko txiki bat ere bertzelako erlijioetakoei. Eta gero, agintari sail bat, eta bertze hamaika kolektibotako ordezkari. Gurea ere izan genuen, Lourdes Goikoetxea kontseilaria, nafar bat baitzen, aspaldi hemen bizi ez bazen ere, hilen artean. Alpeetako aire istripuetan zendu ziren 50 herritar espainiarren alde atzo Bartzelonan egindako estatu hiletek, Charly Hebdo aldizkariaren kontrako atentatuaren ondotik Parisen antolatutako manifestazio buruaren ikuskizunak adina auzo-lotsa eragin zidaten atzo. Ospetsu batzuk bertzeen minaren lepotik itxura egiteko amarru arranditsuan elkartu ziren atzo Kataluniako hiriburuan. Lanpedusakoa gertatu eta astebetera, Nepalgoa gertatu eta bi egunetara.