Argazkiek beti erraten dute zerbait, azpian titular bat izan edo ez. Gaur hautatutakoa zuri eta beltzean ikusi dut papereko prentsan eta titularrarengatik hautatu dut: parte hartzeko deia. Heldu den igandean herri galdeketa eginen dute zenbait herrietan galdera honi erantzuteko: Nahi al duzu izan euskal estatu independente bateko herritar?
Hortik jo nahi nuen, Baztanen ere Aroztegiako proiektuari buruzko herri galdeketa dugula probestuz. Baina sarerat hurbildu naizelarik argazkia gordetzeko, koloretan ageri zen, eta titularraren beharrik ez dut izan, jendearen inplikazioa badela ikusteko. LIBDUP horietako bat zen, eta bideoa ikusi dudalarik, harrigarria egin zait antolatzeko dagoen ahalmena. Zientoka talde desberdin ageri ziren, mendigoizaleak bezalako aisialdi taldetik hasi eta edozein errebindikaziorako talderaino. Tartean nahi bertze!
Ez dakit estatu independentea lortu edo proiektu espekulatzailea geldituko ote dugun, baina gure herriak parte hartzeko nahia baduela ez dago dudarik. Eta horixe da lortzeko ezinbertzeko pausua.