Atrebentzia ez bada

Erabiltzailearen aurpegia Ekaitz Goikoetxea 2020ko urr. 16a, 15:07

Iragan irailaren 30ean  Nafarroako Parlamentuan izan nintzen azken urteotan aniztasuna balioetsi eta transexualitate egoeran dauden haur eta nerabeen ongizate eta askatasunaren alde egin bide ditudan ekarpenak eskertzeko Naizen elkartearen eskutik paparreko zoragarri bat jasotzen.

Biharamunean, lagun, lankide eta herritar ugari izan ziren beren zorion eta poz mezuak helarazi zizkidatenak, baina guztien gaindi lankide ohi batena izan da azken hamabost egunotan barruak astindu dizkidana.

  • Zorionak, Ekaitz. Atrebentzia ez bada, galdera bat egin diezazuket?
  • Bat egin didazu. Bota bigarrena.
  • Eske, zera… Ez gaizki hartu e…
  • (Eske, zera, eta ez gaizki hartu esaldi berean, malo). Ez zara ba ondo ematen ari nik gaizki ez hartzeko.
  • Zera, Ekaitz; transekin eta Naizen elkartearekin hain inplikatuta aritzeko, zu ere zerbait al zara?
  • Zerbait? Pentsatzen dut baietz, baina nola zerbait?
  • Bai, zerbait, ulertzen didazu.
  • Barkatuko didazu, baina argi azaltzen ez didatena ulertzea kosta egiten zait.
  • Ba hori, ea zerbait zaren, transexuala, transgeneroa, homosexuala edo horrelako zerbait.
  • Horrelako zerbait?
  • Tira, ulertzen didazu.
  • Ez ba, ez dizut ulertzen eta ez dizut ulertu nahi.
  • Baina bazara ala ez zara?
  • Ni bai, banaiz. Zu ez al zara ba zerbait?
  • Ni ez, ni heterosexuala naiz, eta zisa.

Luze segi banezakeen ere, bukatutzat eman nuen solasaldia. Motxilan neraman Transitos Aingeru Mayorrek argitaratu berri duen liburu bikaina oparitu eta Etxarriko kultur etxean urriaren 29an eskainiko dugun Trans-formatzen emanaldira gonbidatu nuen. Han entzungo du ni ere heterosexuala eta zisa naizela, baina naizela naizela, gutxienekoa dela zer naizen, nornahiren askatasunaren eta ongizatearen alde inplikatzeko. Etxarrin entzungo du, etortzen bada.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!