Edozein adierazpidetako edozein euskal sortzaile hasi berri, edo ez hain hasi
berri, lehen diskoa plazaratu eta herriz herri bere lana ezagutarazi nahi duen
musikari gaztea, beste lau artistarekin elkartu eta azken liburuko poemak
formatu txikian errezitatu nahi dituen poeta, lehiaketa garrantzitsu batean
saritua izan den beren obra han-hemen oholtzaratu nahi duen antzerki-taldea…
Berdin dio nor eta zertan, kontua da guztiek partekatzen dutela patu puta bera,
beren lokal, lan-mahai edo sormen laborategitik atera ezina. Eta gu berri
txarrek agurtu gintuztelakoan! Mimoz eta adeitasunez helarazten dizkiete zazpi
lurraldeetako kultur teknikari eta zinegotziei beren proposamenak, baina onen-
onenean, bueltan bi hitz baino ez dituzte jasotzen, eskerrik eta asko. Ez
aztertuko dugu, ez ea datorren ikasturtean lekutxo bat egiten dizugun; oso
ezkertiar, iraultzaile eta eskaintza berrien zaleak, baina hemen betikoa eta
betikoak betiko toki eta orduan. Tartean badira udalik udal berrogeitaka mezu
eta gutun bidali eta hiru erantzun baino jaso ez dituztenak. Eske denei erantzun
beharko bagenie… Aitzakia ederra inori erantzun ez, eta betikoekin betikoan
jarraitzeko. Ai zenbat sortzaile eta sorgin galarazten ditugun bidean!
Hori bai, hau da Euskal Herria, aurrera doan herria!