Hasi dugu eta hasi gara, loteriarik ezean horixe tokatzen baitzaigu, urte
zaharra egurtu eta berria agurtzea. Gabon ostean bikoteen arteko bereizketa
eta dibortzioak biderkatu egiten direla esan niezazueke, edo olentzero eta
erregeek oparirik ekarri ez badizuete lasai egoteko, lanpetuta dabiltzala eta
ondo portatzen bazarete maiatzerako ekarriko dizuela ikatza ez den bihotz
berogarririk, edo soberan ditudan kiloak gainetik kentzen hastea falta zaidala
oraindik, edo aurten bai, aurten hasiko naizela zintzo-zintzo zuek bezala
astean hirutan gimnasiora joaten, edo zaila den arren, saiatuko naizela
naizen baino pertsona hobea izaten, ikasleei azterketetan emaitza hobeak
jartzen, sukaldeko otorduak eta errezetak berritzen, komuna maizago
garbitzen, autoa garajean aparkatu eta oinez gehiago ibiltzen, orain eta
hemen bizitzen....
Esan niezazueke baina ez dizuet esango, zerbait originalagoa esan eta izan
nahi dudalako. Beldur naiz baina izan beharraren izan beharrez, original
izateak original izateari utzi ez ote dion. Beraz, txiton eta hor konpon. Eta
urtea zahartzen hasterako urte berri on!