Umerik ez udalekurik gabe

Erabiltzailearen aurpegia Ekaitz Goikoetxea 2016ko eka. 6a, 15:43

Ikasturte amaierarekin batera, espazioak eta denborak bat egiten dute udalekuetan, eta oraindik hilabete pasatxo geratzen bada ere, udal-langile eta teknikariak buru-belarri arituko dira uztailerako haur, nerabe eta gaztetxoek gozatzeko moduko aisi-tarteak prestatzen. Modurik ez dutenentzako modukorik nekez prestatuko dute ordea, ogirik ez eta ezinbestean gosea elkarbanatu behar izaten duten etxeetan eskaintzarik merkeena ere garestiegia dela jabetu ezean. Izan ere, bat eta bi baino gehiago dira soldatarik gabeko oporraldi amaigabeetara kondenatutako gurasoen seme-alabak, bat eta bi baino gehiago trukean irribarrea eta esker ona beste eskaintzekorik ez dutelako uztailean beren adin jirako neska-mutilei dagokien uztarik gabe geratzen direnak. Bat eta bi baino gehiago begiraleen babesean, lagun zahar eta berriekin gustura asko jolastuko liratekeenak. Bat eta bi baino gehiago, eta bakarra izanda ere... Bakarra ere aski da bere jolasekin jolasean ez aritzeko, areago jolasa bera baino gehiago dagoenean jokoan: euskararen erabilera, giza harremanak, herritartzea, zoriona...

Kontuak egiteari utzi eta egin kontu haur eta nerabeen oporrak ia hiru hilabetekoak izaten direla, eta hiru hilabete asko dira etxean beharrean, neska-mutikoen artean mailaketa eta arraildurarik eragin gabe, euskara aberastuz lagun arte berrietan probesteko.  

Beraz, justiziazkoa eta gizalegezkoa delako, alkate, zinegotzi, udaleko teknikari, maisu-maistra-irakasle, herritar xume, nork bere esparrutik (adimisnitrazioak ekonomikoki lagunduz, eta ikastetxeak familiak animatu eta limurtuz), bere nahiaren kontra udalekurik gabe neska-mutil bakar bat ere ez geratzea lortu behar dugu. Matematikak matematika, uztaila eta abuztua dira aurten ekainean gainditu beharreko ikasgaiak.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!