“Ez heriotza hau ez delako
bizitzan bertan gauzatutako
lekualdatze bat baino”
Hala diogu aurtengo Bertsomovieda lehiaketara aurkeztu dugun bideoan, baina nago hil aurretik ere etengabeko lekualdatzea dela bizitza.
Lehiaketak diziplina ezberdinetako sortzaileak lankidetzan aritzeko eskaintzen digun aukera probestu eta neuk ondutako hitzak Garazi Zabaletaren melodia sarkorrekin, Maider Ansaren ahots zirraragarriarekin eta Aitor Lanasen irudi iradokitzaileekin aberastu eta indartuta, esker ona adierazteaz gain, omen egin nahi izan genion hilkorron memorietan hilezkor jarraitzen duen txoriari, Mikel Laboari.
Bi astean sei mila ikustaldi baino gehiago izan ditu bideoak, eta ugari izan dira gure ordenagiluko postontziak gizendu dituzten mezu eta esker oneko hitzak. Gauero-gauero sei hilabeteko alabatxoa txupetea adina maite duen kantuarekin lokartzen dela helarazi zidan Balbak; itzulerarik gabeko bidaiari ekin berri dion aita bere baitan txori bihurtzen lagundu izana eskertzen zigun Jonek.
Bi sari irabazi ditugu, baina sariak sari, iritzi bat nahi genuen eta iritsi egin gara.
Ekaitz Goikoetxea