Herriak harriak mugitzen ditu, orriak irriak erditzen, eta guk adjektiboak higatzen ditugu izenak higi daitezen.
Iragan ostiralean beren ibilia gertutik jarraitzeko zoria izan dudan hiru gazte elkarrizketatu zituzten Euskalerria Irratian. Batek baino gehiagok gizonezko eta kirolari irudikatu baditu ere, emakumeak eta sortzaileak dira Leire Alonso, Saioa Ventura eta Idoia Granizo; salbuespenak salbuespen, oraintsu arte giputzen domeinuko izan diren literatur lehiaketetan nabarmentzen ari diren hiru sorgin nafar. Nabarmentzen hasita, adierazpide ezberdinetan nabarmendu dira gainera, prosan, poesian eta bertsotan Euskal Herri mailan garrantzitsuenetakoak diren lehiaketetan: Lazkao Txiki bertsopaper lehiaketan, Bordari, Satarka, Azkue nahiz Iparragirre Sarietan.
Ez dira abilak saskiratzen, ezta baloia sareetatzen ere; zer esana dute, hitzez mundu berriak sortzeko gaitasuna. Esateko dutenak baina, apenas duen oihartzunik. Nobel Sariduna izan behar da, nonbait, nobela, hasiberria izatea ez da aski, prentsan zuriunetxo bat eta irratian uhin bat eskain diezaguten. Baina hainbeste eskertzen dira babes, aupada eta animoak lehen urratsak ematen ari garenean, hainbeste sorguneak nahi bezain euskaldunak ez direnean... Eskertzekoa da, beraz, sorgin nafar gazteen lana plazaratzeko eta sortzaileak elkartzeko Euskalerria Irratiak egindako ahalegina.
Zeresanik eman gabe, jarrai dezagun, bada, zer esana duenari hitza ematen.