Duela hilabete, Trump jauna izugarri pozik agertu zen Gazara bakea iritsi zelako. Baina ezer ez da aldatu. Jesus Nuñez bake eta gatazken prebentzioan adituaren arabera, herritarren mobilizazio handiaz nekatuta zeuden hainbat gobernuk presioa egin zuten pauso hori emateko, nahiz eta su-eten faltsua izan, genozidio horren aurkako mugimendu zibila neutralizatzeko.
Eta badirudi funtzionatu duela. Gaza eta Zisjordania bigarren mailara igaro dira komunikabideetan genozidioak jarraitzen duen bitartean. Izan ere, 2025eko urriaren 11tik azaroaren 17ra Israelek 266 pertsona hil ditu.
Su-eten faltsuaz geroztik, Israelek 145 kamioi baino ez ditu onartzen egunero, 600 kamioi behar direnean.
Giza Eskubideetarako Palestinako Zentroak salatu berri du espetxeetan tortura-praktika antolatu eta sistematikoa dagoela, objektuekin eta txakurrekin egindako sexu-erasoak barne.
Zisjordanian, kolonoek palestinar populazioari egindako erasoak, haien zelaiak erretzea edo olibondoak suntsitzea izugarri ugaritu dira. Baita legez kanpoko kokaleku berriekin okupatzea ere, palestinarrak beren lurretatik kanporatzen jarraitzen duten bitartean.
Azaroaren 29an 78 urte beteko dira Nazio Batuek Palestina zatitzeko erabakia hartu zutenetik. Banaketa horrek Israelgo estatu berriari lurraren % 56 eman zion, nahiz eta Palestinako populazio arabiarrak biztanleria judua bikoiztu. Aberrazio horrek okupazioari eta apartheidari ateak ireki zizkien, eta ordutik ez da gelditu. Are gehiago, egunetik egunera okerrera doa.