Amjad

Erabiltzailearen aurpegia Isa Egiguren 2025ko api. 10a, 17:55

Aita Mari itsasontziak 108 pertsonak erreskatatu ditu Mediterraneo erdialdean, Libiako kostaldean este baterako. Horien artean 13 emakume eta 13 haur arrisku larrian zeuden bi ontzitan.

Egunotan irudiak ikustean korapilo batek harrapatu du nire urdaila. Eta burura etorri zait behin eta berriz joan den udan ontzi horretan bizi izan nuen erreskatea. Ezinezkoa da gauaren erdian laguntza oihuak ez gogoratzea. Ezinezkoa da erreskatatutako guztiak ez gogoratzea.

Sentimendu guzti horiekin nire gorputza gurutzatzen, Amjad, siriar gazte baten berri jaso dut egun hauetan. Amjadek bere herrialdeko gerratik ihes egin eta Iranera bidaiatu zuen. Han daude bere emaztea eta urte gutxiko alaba. Ruandara joan zen, eta, han, hortz-teknikari gisa lan egin zuen, baina ihes egin behar izan zuen, inguruan dauden hainbat gatazkagatik.

Amjad, bere anaia eta bere 16 urteko iloba, Libian atxilotu zituzten errugabeak izan arren eta torturak jasan zituzten, gerra zibil batek suntsitutako herrialde honetatik igarotzen diren errefuxiatu gehienen antzera.
Itsasoan bizitza jokoan jarri eta ondoren, Italiara iritsi zen eta hortik Alemaniara jo zuen. Amjadek etsi-etsian kontatu dit Alemaniak asiloa ukatu diola. Europako beste herrialde batzuetan eskatzen saiatu da, baina EZETZ esan diote guztitan. Amjad orain pertsona ilegala da, edozein unetan deportatu dezakete. Bere emaztearen familiak, nekatuta, Iranera itzultzeko esan dio edo dibortziatzera behartuko dute. Amjadek dio dena bere alabagatik egin duela. Ez du ulertzen Siriatik ihes egiten duen pertsona bati asiloa ez ematea.

Baina asiloa, Nazioarteko Zuzenbideak aitortutako eskubidea eta estatuentzako betebeharra, aspaldi utzi zion Europa anker honetan funtzionatzeari.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu eta horretarako baimenak eduki behar dituzu. Sartu komunitatera!