Igandea da eta Mohamedek pozik erakusten dizkit Aljerian zuzenbidea ikasten ari zen garaiko argazkiak. Argazkietan desberdin ikusten da. Kilo dezente galdu ditu harrezkero. "Bizitza da", esaten dit irribarrez. Pozik dago igande honetan Iruñeko hotza aterpetxeagatik aldatuko duelako. Horixe adierazten du Iruñeko Udalaren hotz-boladaren protokoloak.
Larunbatean ezin izan zen aterpetxera sartu 4 gradu egiten zituelako eta protokoloak dio 3 egin behar dituela kalean bizi den jendeak gau bat aterpetxean igaro dezan. Arazo hau dela eta, Apoyo Mutuo elkarteak dei bat egin du pasa den igande honetan Trinitarioen aterpetxearen aurrean, kalean dauden mutil guztiek teilatupean lo egin ahal izan dezaten.
Udaleko ordezkaria nabarmen haserre agertu da tokian, behar bada bere igandea lehertu dugulako eta behin eta berriz errepikatuz kontzentrazio hori zorigaiztokoa iruditzen zaiola eta haiek dena bikain kudeatu dutela. Baina hainbat pertsonak esaten diote larunbatean hainbat gazteri aterpetxera lagundu zietela eta ez zietela han lo egiten utzi, nahiz eta ohe libreak egon.
Mohamendek irribarre egiten du aterpetxera sartzen den bitartean. Urte eta erdian bere pisua berreskuratuko duela dio, lana bilatuko duela eta Aljeriara itzuliko dela etxe bat eta auto bat erosteko. Oraingoz, Iruñeko hotzetik bizirik ateratzea tokatzen zaio; izan ere, astelehen honetan, inork eragozten ez badu, kalean lo egingo du berriro.