Errege ohiaren txantxulloak

Erabiltzailearen aurpegia Isa Egiguren 2020ko mai. 4a, 12:31

Gure errege ohia pozik egongo da bere balizko iruzur fiskalei buruzko albisteak hain oharkabean pasatzen ari direlako koronabirusari esker. Ostiralean jakin genuen Juan Carlos/ek Suitzako kontu batean sartu zuela Bahreingo erregeak emandako 1,7 milioi euro. Zorionekoa hain lagun eskuzabalak izatea! Eta ez da bakarra. Duela bi hilabete, Saudi Arabiako erregeak egindako 65 milioi euroko beste oparitxo bat ezagutu genuen. Eta diru mugimendu hori guztia, Suitzako justizia ikertzen ari da. Juan Carlos/en semeak, egungo erregeak, urtebete behar izan du ondasun hauen oinordekoetako bat zela kontatzeko. Eta, jakina, Suitzako komunikabideetan iruzurra izan zitekeelako argitaratu zenean egin zuen. Orduan, eskandalutik ihes egiteko, hauei uko egin die, eta, gainera, 200.000 euroko ordainsaria kendu dio bere aitari. Horrek ez du ezkutatzen monarkiak herrialde honetan politikarien, enpresarien eta komunikabideen aldetik izan duen eta oraindik duen babes lotsagarria. Gainera, 2019an ia 8 milioi euro kobratu zituzten gure poltsikoetatik aterata, baina, horrez gain, ministerioen laguntzak jasotzen dituzte, adibidez 6,4 milioi Errege Guardiarako edota 35 milioi bere eraikin eta lorategi guztiak mantentzeko. Bitartean, osasun-langileak, supermerkatuetako kutxazainak, etxeko langileak edo banatzaileak ari dira borrokan gure bizitzak hankaz gora jarri duen pandemia madarikatuaren aurka. Horietako askok ez dituzte 1.000 euro baino gehiago kobratzen. Eta dagoeneko iragarri da ezagutzen den krisi ekonomiko larrienetako baten aurrean gaudela. Beraz, murrizketak iristen badira, monarkiatik has ditzatela eta bidenabar, utz diezagutela erabakitzen inoiz aukeratu ez dugun Estatuko buruzagitza hau nahi dugun ala ez.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!