Alejo Vidal Cuadras, Europako Parlamentuko lehendakariorde ohia kezkatuta dago. PSOE eta Podemos-en akordioa dela eta, Pablo Iglesias, Europako Kontseiluetara joaten denean, daukan itxura horrekin zer gertatuko da? Non geratuko da Espainiaren izen ona eta urtez landutako errespetua? Zioen Alejok Twitterren aste honetan.
Ba, ez da pertsona bakarra horrelako kezka eta egonezinekin. Izan ere, Maria Duran kazetariak Irene Monteroren itxuria kritikatu du berriki, gobernu akordioa sinatu zen egunean eraman zituen oinetakoei erreparatuz.
Oraindik gogoratzen ditut Celia Villalobosen amets gaiztoak Alberto Rodriguez, Podemoseko rastadun zorritsua Kongresuan agertu zenean. Baita Rajoyren harridura aurpegia bere aurretik pasa zenean.
Eta hau guztia nire nerabe heavy garaietara eraman nau. Tolosako herri txiki batean nire itxura makarrak zurrumurru ugari eragin zituen. Horrela, gogoratzen dut nire gurasoek jaso zuten dei anónimo bat, yonkia nintzela esan ziena, edo nola zenbait gurasoentzat, ez nintzela euren alabentzat lagun komenigarria. Eta onartzen dut ez nintzela aingeru bat, ez, baina ezta deabrua ere, nerabe bat besterik ez nintzen.
Beraz, ulertu ezazue sutan jarri naizela gai honekin. Batez ere, politika munduan lapurrak trajez jantzita agertu direlako eta horrexegatik, politikariei gauza bat besterik ez diet eskatzen, zintzotasunarekin jokatzea. Bidenabar, hainbeste oroitzapenekin, uste dut nire Iron Maideneko kamiseta berreskuratuko dudala. Eta bai, lanera joateko jantziko dut, ea kritikaren bat jasotzen dudan.