Berriz ere heriotza Gazara heldu da. Berriz ere, ohiko irudiak. Alde batetik, munduko armada indartsuena herri bat zapaltzen eta bestalde, Gazako herritarrak, kaiola batean giltzaperaturik, harriak botatzen.
Dagoeneko, 58 lagun hil dituzte egun bakar batean eta 2.400 zauritu baino gehiago dira. Adin txikikoak, medikuak, kazetariak… Netanyahuren militarrek etsaiak non nahi ikusten ditu. Bitartean, Ospitaleak gainezka daude, elektrizitaterik gabe eta dagoeneko botikak agortu dira.
Aloña Zubizarreta erizainak, Munduko Medikuko boluntarioa Gazan, ia tiro gehienak belaunean direla kontatu dit. Bala barruan lehertzen da eta horren ondorioz, operazioak oso zailak izaten dira. Gehienak, elbarri geratuko dira.
Gazaren drama egunerokoa da. 42 kilometroko luzera du lurraldeak eta toki batzuetan, zabalera, 12 kilometrokoa besterik ez. 2 milioi pertsona bizi dira harresiz inguraturik, munduko espetxerik handienean.
Gazako 7 urteko haurrek jada 3 bonbardaketa bizi izan dituzte. Heriotza eta suntsiketa barneratuta dute eta gaixotasun mentalak ohikoak dira gazteen artean. Horrela dago Gazaren etorkizuna.
Orain dela 70 urte palestinarrak beren etxetik kanporatuak izan ziren eta garbiketa etnikoa egin zuten. Bitartean, munduak beste alde batera begiratzen segitzen du.