Intermon ez da bakarra

Erabiltzailearen aurpegia Isa Egiguren 2018ko ots. 20a, 13:27

Min berezia sentitu dut Oxfam-eko eskandalua ezagutu dudanean. Gobernuz kanpoko erakundearen kide batzuk laguntza humanitarioa Haitín ematen zuten bitartean, prostituziorako emakumeak kontratatu zituztela jakin dugu egun hauetan. Mingarria era berean apaizen eraso sexistak ezagutzen ditudanean. Bi kasutan, konfiantza eman beharko luketen elkarteek, biztanleriaren sektore ahulenen erasotzaile bihurtzen dira.

Zoritxarrez, halako bidegabekeriak ez dira berriak eta ez dira erraz desagertuko. Izan ere, gizarteko esparru guztietan eman daitezke eta erantzuna gogorra izan behar da. Era berean, prebentzioa ezinbestekoa da.

Oxfamen ez dutela nahikoa egin onartu dute eta Haitin gertatutakoa orain dela 7 urte jada izan zela gogorarazi dute, beraz prebentzio neurriak aspaldi hobetu dituztela diote. Horren berri izan ondoren, beste erakunde batek, Mugarik Gabeko Medikuak taldeak, langile batzuen abusuak ere onartu ditu.

Gobernuz kanpoko erakundeek lan handia dute herritarren konfiantza berriz berreskuratzeko. Baina ziur nago lortuko dutela, sigla hauen atzean jende izugarria dagoelako. Beharbada horregatik sigletan gero eta gutxiago sinesten dut eta gero eta gehiago pertsonengan. Zorionez, pertsona izugarri horiek Oxfamen lan nekaezina egiten dute baita Mugarik Gabeko Medikuen taldean ere. Izen abizenak dituzte eta ezagutzen ditut. Elizaren baitan ere izugarrizko pertsonak ezagutu ditut. Eta beraien lana gaur txalotu nahi dut.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!