Asteburuan, buru belarri ibili gara aukera on baten bila. Edozein tokitara begiratu eta izugarrizko beherapenak izan ditugu eskura. Tentagarria. Baina, beste Black Friday mota bat ezagutu dugu Libian. CNN telebista kateak etorkinak enkantean atera dituztela salatu du. Gizon gazte eta sendoak, 800 dolarrean saltzen dira, besteak beste, nekazari lanetan aritzeko. Gizon horien gorputzetan tratu txarrak agerikoak dira eta asko, horien ondorioz hil egiten dira.
Gobernuz kanpoko erakundeek “esklabuen enkante” hauek aspaldian salatu dituzte baina telebistan irudiak eman arte erakundeek beste aldera begiratu dute. Eta gogoratu, Europar Batasunak Libia eta Turkia finantzatzen dituela etorkinak herri horietan mantentzeko.
Nazio Batuen Erakundeak berak Libian gertatzen ari denaz salaketa gogorra egin du. Milaka haur, emakume eta gizon hezur hutsean aurkitu dituzte, traumatizatuak, pilatuta eta inongo babesik gabe. Torturak eta elektroshokak jasaten dituzte galdera gehiegi eginez gero.
Gauzak horrela, Afrikako hainbat herrialde hasi dira mugitzen esklabutza horrekin bukatzeko.
Nafarroan, Flor de África eta Afrika United taldeek elkarretaratzeko deia egin dute: abenduaren 2an Udaletxe Plazan eguerdiko 12.30ean.
Bukatu dezagun behingoz Black Friday honekin.