Badakigu nor izan daitekeen hiltzailea. Salaketak izan ditu baita urruntze aginduak ere, baina, fokua beti emakumearengan jartzen dugu. Eta orain, senide eta lagunengan era bai. Hala dio, azken emakumearenganako indarkeriaren aurkako kanpainak. Erasoren bat ikusten badugu salatu behar dugu, bestela konplize hutsak izango gara. Badirudi Administrazioa oraindik ez dela konturatu salaketa baten atzean, erasotzailearen haserrea dagoela, eta askotan, eguna eta ordua aukeratzen dituela emakumea hiltzeko. Horrela gertatu zitzaion Jessikari.
Ez bat, ez bi. 4 aldiz salatu zuen Imanol. Urruntze agindua zuen baina azken salaketa jaso eta epaitegitik atera bezain pronto ikastetxera jo zuen. Han ikasle, haur eta bere hiru urteko semearen aurrean tiroz akabatu zuen Jessika. Atzo telebistan entzun nuen ezinezkoa dela emakumea babestea. Ez dago polizia nahikorik biktima diren emakume guztiak babesteko.
Nire lagun Mirenek indarkeria hori ongi ezagutzen du. Salaketa aunitz jarri eta azkenik Iñaki kartzelara eraman zuten. Orain libre dago baina inork ez daki non dagoen. Mirenek beldurra pasatzen du kotxea garajean aparkatzen duenean, edo etxera gauez bakarrik bueltatzen denean. Bitartean, Iñaki lasai asko bizi omen da, beldurra eta arriskua emakumeak baino ez duelako bizi. Jar dezagun fokua gizon erasotzaileengan, mesedez.