Bagenekien Espainiako telebista publikoa gobernatzen duen alderdi politikoen bozgorailua dela, baina azken hilabeteotan benetan kezkagarria da ikusten ari garena. Langileek eurek egin dute salaketa: apirila eta ekaina artean 70 jarduera desegokiak antzeman dituzte. Esate baterako, orain dela gutxi Mariano Rajoy ikusi genuen ustelkeriagatik epaiketan lekuko moduan deklaratzen. Iskanbila handia sortu zen Europako lehendabiziko Lehendakaria horrelako kasu batean sartuta egotea, Espainiako telebistarentzat izan ezik Erresuma Batuko hauteskundeekin zabaldu baitzuen bere albistegia.
Gero, Rajoy Kongresura joan zen ustelkeriari buruz azalpenak emateko. Bere parte hartze guztia ikusi genuen Espainiako telebistan baina Podemos-ekoen txanda iritsi zenean, ezinbesteko albistea agertu zen pantailan. Egun horretan, Buñol-eko tomatina hasten zen eta Iglesias mutu geratu zen bere hitzaldiarekin.
PSOE-ri ere zer edo zer tokatu zaio. Pedro Sanchez eta Susana Diaz-en primarioak zirela eta, saio berezia egin behar zuten zuzenean, baina, Sanchez-ek irabazi eta gero, norbaitek ez zela hain garrantzitsua pentsatu zuen eta Master Chef-eko kapitulua jartzea erabaki zuen. Igandean bertan, hainbat kazetarik Kataluniari buruzko informazioa manipulatu zela salatu zuten. Eta gogoratu, telebista publiko honek bere hiztegi propioa ere baduela: Franko diktadoreari kaudillo deitzen diote eta PP-ren B kutxari, kontabilitate ez ofiziala.
Gauzak horrela, Europako berriemaile kontseilutik Espainiako telebista bota dute bere informazioaren kudeaketagatik. Harritzekoa? Ez. Beste telebista publiko bat behar dugula? Bai.