Ardurarik?

Erabiltzailearen aurpegia Isa Egiguren 2017ko eka. 6a, 12:46

Udako iragarki tipikoa da. Zure etxean piszina bat jartzeko momentua iritsi da. Argazkian, etxe eder bat izugarrizko belardiarekin, eta han pozik ikusten den familia, egun bero batean, uraz disfrutatzen.

Gizona, hiru haur eta emakume bat. Gizonaren gorputza ikusita, pentsa daiteke kiroldegian pasa duela neguaren parte handi bat. Hiru neska mutilak pozik daude uretan eta emakumea, alai, iskin batean jarrita dago haurren jolasak begiratzen. Uda honetan ere horrelako iragarkiak ikusteaz nazkatuko gara.

Iragarki hori zein herrialdetan ikusi, alde handia dago. Saudi Arabian piszina hori bera saldu nahi baduzu, edo Euskal Herrian, argazkia aldatu egiten da. Hala, argazki berdina erabilita, Saudi Arabian gizon muskulatuari kamiseta beltza ipini diote, baita neska-mutikoei ere. Eta zer gertatu da emakume alaiarekin? Ez da inon ageri! Desagerrarazi egin dute! Emakumearen ordez orain puxika bat jarri dute. Emakumearen arrastorik ez. Kamiseta bat jartzea bere bainujantzia estaltzeko ez zen nahikoa. Horrelakoa da Saudi Arabiako zentsura.

Gogorra izan behar du emakumeentzat han bizitzea: ezin dute kotxerik gidatu, eta beraien senarraren baimena behar dute bidaiatzeko, bankuko kontua irekitzeko eta hilerrietan adibidez, ezin dira sartu ere egin.

Nire lagun batek piszina saltzen duen enpresaren ardurari buruz galdetu dit, eta, dirua medio, etika galtzen dugula dio. Eta horrek Espainia eta Saudi Arabiaren artean dauden harremanak ekartzen dizkit gogora. Adiskidetasuna eta negozioak aldi berean, Meka eta Medinako trenean negoziatua. 2014 eta 2016 urteen artean Espainiak 900 milioi euroko gastua duen armamentua saldu dio bere lagunari. Eta Aministia Internazionalek, arma horiek Yemen-en bizi diren zibilen kontra erabili omen direla salatu du. Ardurarik?

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!