Aste honetan, Geroa Bai-k, UPN-k, PP-k eta PSN-k berriz ere Europako bandera Parlamentuan jartzea adostu dute. Egia esanda, ez zait gehiegi inporta banderen eztabaida baina nire buruari galdetzen diot zer gertatu zaion Geroa Bai-ri iritziz aldatzeko.
Orain dela urte bat, aldaketaren lau taldeek Turkia eta Europar Batasunaren akordioaren protesta sinboliko moduan, Europar bandera Parlamentutik kendu zuten. Haien politikak aldatu arte, ez zuten bandera hori berriro jarriko. Europak adostutako akordio horren atzean, giza eskubide aunitz urratuta gelditu dira; esate baterako, Greziara modu ilegalean iristen zirenak Turkiara bueltatu baino lehen atxilotzeko agindua zuten, eta Turkiak, sari moduan 6 mila milioi jasoko zituen eta beraien jendeak bisa lortuko zuketen Europara bidaiatzeko.
Akordioaren urtea dagoeneko bete da eta egia da orain pertsona gutxiago iristen direla Greziara, baina beste bide bat hartzen dutelako da, Libiakoa, askoz arriskutsuagoa. Onartu behar da, ez dituztela pertsonak deportatu Turkiara, Grezian gelditu baitira errefuxiatu esparruetan, hots, 60.000 pertsona kartzela berri hauetan bazterturik. Ez dakigu nora joan den Turkiari emandako dirua eta turkiarrek, ez dituzte bisak lortu. Orain, bere ministroak, nahiko haserre, ez dituela pertsonak bertan gelditzera behartuko, hau da haien mugak irekiko dituztela esan du. Bitartean 1.096 pertsona hil dira itsasoan urte honetan. Aurreko asteburuan itsasotik 6.000 pertsona erreskatatu dituzte eta 200 desagertuta daude. Zer aldatu da Geroa Bai-rentzat? Eta banderez haratago, zer ari dira gure politikariak egiten?