Apirilaren 26an denok Cheikhounarekin Auzitegira

Erabiltzailearen aurpegia Isa Egiguren 2017ko api. 25a, 13:16

Pasa den azaroan Cheikhounari buruz hitz egin nuen. Senegaldarrari kanporatze agindua jarri zioten paperak ez edukitzeagatik eta dagoeneko, epaiketa eguna heldu da, hots, asteazken honetan, apirilaren 26an izango da, bihar, Iruñean.

Baina, aurrekoan esan nuen, Cheikhounak, Txantreako kuadrila daukala eta hori ez dela gutxi. Agerraldian ezagutarazi zuten zein den euren lagunaren egoera, eta horren aurrean, auzokideen erantzuna, primerakoa izan zen. Eta abenduan gainera, senegaldarra Olentzero-rekin hitzartzea lortu zuten. Ikazkiñak ere harrera berezia egin zion auzoan. Horretaz gain, 20. Korrikan hartu zuen parte, eta lekukoa ere eraman zuen. Horren guztiaren atzean bere kuadrila eta auzoa egon da. Baina hilabete hauek ez dira errazak izan. Urduritasun ugari, ia etxetik atera gabe egon da Cheikhouna beldurraren poderioz, eta azkenean iritsi da eguna.

Asteazken honetan, apirilak 26, Cheikhounak, epaiketa bati aurre egingo dio eta justiziak hemen bizi ahal duen edo bere herrialdera bueltatu behar duen erabakiko du. Aste honetan, Txantreako kuadrillak bere mezu argia sare sozialetan zabaldu du: “Cheikhouna gurekin nahi dugu”. Ozenki esan dute. Ildo horretan, asteazkenerako deialdi berezia egin digute: goizeko 9etan Iruñeko Auzitegian bere lagunari babesa emango diote, eta bertan egoteko gonbitea egin digute gainerako herritarrei ere.

Ez dakit zer gertatuko den Cheikhounarekin. Gure auzoan denbora luzez ikustea espero dut, gutxienez, berak nahi baldin badu, bere betiko irrifar horrekin, isila eta zintzoa. Asteburuan, Txantreako jaiak datoz eta nire brindis berezia ez da bakarrik Cheikhounarentzat izango, baita bere super-kuadrilarentzat ere! Gora zuek!

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!