Guatxap

Erabiltzailearen aurpegia Isa Egiguren 2017ko urt. 17a, 12:54

Guatxapak nire familia apurtuko du. Guatxap tx-rekin, bai, gazteek esaten omen duten moduan. Gaur egun nork ez dauka familia guatxap taldea? Ez dakit besteen kasuan nola izango den baina nirean astero 11 gatazka sortzen dira. Prozesua beti errepikatzen da, familiar berdinak sua eragiten duen mezua idatzi eta nire baitan lehertzen dela sentitzen dut eta nire erantzuna behin eta berriz gehiegizkoa izaten da. Ezin kontrolatu. Egun batean, senitarteko horrek etxetik ez ateratzeko eskatu zigun yihadista atentatua martxan zegoelakoan. Poliziak konfirmatuta. Hala zioen mezuak. Familia erdia izutua. Hurrengo egunean polizia telebistan gezurra zela esanez. Familiar horrek gai politikoak ere gustukoak ditu eta bere dianan ezkerreko alderdiak daude. Orain dela gutxi, Amancio Ortega-ri buruzko guatxapa iritsi zitzaidan. Ortegari buruz laudorioak ziren mezuan nagusi eta Zara saltokietako nagusia kritikatzen zutenentzat, infernua desio zien. Eta kritiko horiek Iglesias, Errejón eta haien lagunak ziren. Guatxapak irtenbide azkarra zekarren: bukatu podemita guztiekin, eta bidenabar Venezuela eta Iranekin. Eta listo. Orain errefuxiatuekin gaude. Bidalitako irudi batean 4 gizon agertzen dira errepide batean oinez. Eguraldia ez da batere ona. Erdian, emakume bat eta bere haurra oin-hutsik, biak bakarrik.Gizon horiek ez badute emakumea errespetatzen nola utziko diegu gure Europara sartzen? Erraza, harresi gehiago beraientzat. Eta ni, berriz ere, amorratuta mezu horiekin. Hara! Idazten ari naizen bitartean senitartekoak mezu berria bidali du familiako guatxapera. Ostras! Osasun Ministeriotik bidalita! Fenilpropalaminak hiltzen duela dio, eta 28 medikamentutan agertzen da. Eskerrak zerrenda datorrela. Google-n horri buruzko informazioa bilatzen hasi eta 2015-ean argitaratutako gezurra omen da. Berriz ere lortu du, haserretu naiz. Banoa erantzutera!

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!