Amelia eta bere amesgaiztoak

Erabiltzailearen aurpegia Isa Egiguren 2016ko abe. 20a, 12:31

18 urte zituela, 300 eurotan saldu zuten Errumanian. 5 urtez, Espainiako 40 klub ezagutu zituen eta bai, behin baino gehiagotan ihes egiten saiatu zen.

Udako gau horretan bezala, polizia klubean agertu zen. Klubeko nagusiek bazekiten polizia noiz joango zen eta orduan, emakumeei pasaporteak bueltatzen zizkieten mezu bakar batekin: “Esan hemen nahi duzulako zaudela”.

Ameliak, pasaportea eskuan zuela, bezero bati laguntza eskatu zion: “Eraman nazazu zurekin”. Lehendabizikoak ezetz esan zion, hirugarrenak ordea, baietz. Hori bai, ez zuen bere etxera eraman, baizik eta beste klub batera.

Denborarekin, gizon zintzo bat ezagutu zuen, familia bat eraiki nahi zuena, baina ez zuen lanik aurkitzen, eta bilatzen ere ez zen saiatzen. Ameliari berriz klubetara bueltatzeko eskatu zion. Eta Amelia bueltatu zen, dirurik ez baitzuten. Eta modu batean edo bestean, klubek eragiten duten sufrimendu eta indarkeria horretara ohitu zen, pentsatu gabe, sentitu gabe.

Azken saiakera, orain dela 9 urte izan zen, beste bezero batekin berriro. Prezioa, betikoa, egun batzuk sexua dohainik gizonentzat. Baina oraingoan, zerbitzari lana lortu zuen, klub hartatik nahiko gertu zegoen taberna batean. Garai batean sexua eskatzen ziotenek, orain, kafea edo garagardoa eskatzen diote. Deserosoa. Gogorra. Baina zauriak poliki-poliki sendatzen ari dira eta hilabete hauetan Nafarroan dabil, institutuetan bere istorioa gazteei kontatzen. Amets gaizto guztiak ez dira desagertu, baina, Amelia pozik dago, eta hori ere kontatu nahi du.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!