Ez da posible. Telebistako albistegietan oporretarako eskaintza sinestezina ikusten dut. Irudietan, izugarrizko hondartzak, eguraldi zoragarria eta toki ikusgarriak, aukera paregabea argazki album ederra betetzeko eta zure lagun eta senitartekoei erakusteko.
Tokia? Aleppo. Bai, Siriako Aleppo. Egia esanda, segundu batzuk behar izan ditut ideia bereganatzeko. Ondoren, ordenagailura joan eta Googleen idatzi dut: “Vacaciones en Alepo”. Nire ezusterako, hemengo agentzia batek bidaia merkeak eskaintzen ditu deskantsatzeko eta baita deskonektatzeko ere. Argi dago zer edo zer eskapatu zaidala.
Mikel Ayestaran kazetariarekin harremanetan jarri naiz gero, berak ongi baitaki nola dagoen hango egoera. Eta kontatzen didanez, 2012tik Alepo bi zatitan banatuta dago: Mendebaldeko zonaldea, millioi eta erdi biztanlerekin, Bachar Al Asad-ek kontrolatzen du. Mikel-en arabera, zonalde honek, gotorleku eta hiri zahar ikusgarriak ditu, baina dagoeneko ez da toki segurua. Hala ere, ekialdeko aldea askoz okerragoa da eta irudiak, guztiok ditugu buruan, egunero ateratzen baitira albisteetan: suntsiketa eta heriotza alde guztietatik. Drama honekin lotuta, Europako migrazio-politika burura datorkit edo saltzen ditugun armak, esaterako, 2015an, defentsarako, 500.000.000 baino gehiago saldu genuen gure erregeen lagunentzat, hau da, Arabia Saudiarentzat.
Bai, beharbada pertsona batzuk bidali beharko genituzke Aleppora. Baina ez hondartzara edo gotorlekura, baizik, ia zer edo zer sentitzen duten eta behingoz, politika lotsagarri hauekin bukatzen duten.