Eztabaida politikoa Twitterrera iritsi da. Bakarrik 140 karakter posible dira Teleberri bat irekitzeko edota egunkariko lehen orrialdea betetzeko. Eta horretan, Podemosekoak erregeak dira. Iglesiasen tuit bat Errejonen erantzunarekin, komunikabideetan titularrak bete zituzten talde honek ustez, zuen azken krisia erakusten. Baina hemen ere baditugu eredu politak. UPNkoek ohiz kanpoko agerraldia egin zuten Maria Solana, gobernuko bozeramaile berriaren burua eskatzeko. Argudioa? 2011-n idatzitako tuit bat. Solanak, indarkeria defendatzen zuela leporatu zioten baina Esparzak ez zituen gainontzeko tuitak irakurri edo kontuan hartu, nork daki, eta badakigu zer gertatzen den gauzak tokiz kanpo jartzen direnean. Eta ez dira hemen bukatzen UPN-ren hanka sartzeak. Orain badirudi Twitterren bi troll dituztela. Trollek, anonimotasunean babesten dute bere izena eta politika kasuan, talde batek egindako guztia sutsuki defendatzen dute eta gainontzekoa, kasu honetan, Geroa Bai, EH Bildu, Podemos eta Ezker Batuak egiten edo esaten dituztenak, gutxiesten dituzte. Kritikatzea erabat sanoa da baina eraso pertsonaletan sartzea, askotan gezurrarekin nahastuta, koldar jokatzea iruditzen zait. Argi dago, Twitterren, saltsa handia dagoela eta hori galdu nahi ez baduzu ez duzu aukerarik izango. Kontu bat ireki beharko duzu, baina mesedez, ez izan troll bat.