Estatuko Gobernuak helegite honekin airean uzten ditu langile askoren itxaropenak, prekarietatean lanean ari direnek lanpostu finkoa izateko itxaropena, hain zuzen. Hori dela eta, ELAk argi utzi nahi du Nafarroako Gobernuarekin egongo garela ausarta izaten bada eta EPEarekin jarraitzen badu. Gobernu berriaren ildoa ez da izan behar UPN-PSNk egiten zuena, hau da, Madrilen ildo beretik jarraitzea, baizik eta benetako aldaketa gauzatzea.
Bestalde, UPNren jarrera salatu nahi dugu; legealdi guztian zehar lanpostu publikoaren suntsiketaren aldeko apostua egin eta gero, hauteskundeak baino hilabete batzuk lehenago enplegu publiko eskaera iragarri bait zuen interes elektoral hutsagatik.
EPE hau, kopuruz nahikoa ez izan arren, bideak irekitzen ditu behin-behinekotasunarekin bukatzeko. Horregatik Nafarroako erabakigunea defendatzeko beharrean gaude.