Ohar honen bitartez, gaur eguerdiko 13:00tan Dantxarineako eraikin komertzial baten eraikuntza lanetan gertatutako lan-istripu larria publikoki salatu nahi dugu, non Erreti eraikuntzak enpresako langile bat hil eta beste lau zaurituta suertatu diren, hauetatik 2 larri. Antza denez, lanetan erabiltzen ari ziren enkofratuaren zati bat erorita langileak azpian harrapatuta gelditu dira, orain arte gertatutakoaren inguruko datu gehiagorik ez daukagularik.
Lehenik eta behin hildako langilearen senide eta lankideei gure babes eta elkartasun osoa adierazi nahi diegu. Aldi berean, istripuaren arrazoiak argitu eta leudeken ardurak argitzearren istripuaren ikerketa sakona burutu dezaten eskatzen dugu.
Aldi berean, lan-ezbehar kopuruaren gorakadaren aintzinean gure haserrea adierazi nahi dugu. Aurten, lan-gaixotasunen ondorioz hildakoak kontuan izan gabe, gutxienez 46 pertsona lirateke HEHn beraien lanpostuetan bizitza galdu duten pertsonak, hauetatik 11 Gipuzkoan.
Eraikuntza sektorean, kontrolik gabeko azpikontratazio kateek lizitazio preziotan etengabeko beherapena dakarte eta honek hitzarmen kolektiboak eta gutxieneko segurtasun neurriak betetzea galerazten du. Lanegun amaigabe eta lan-erritmo jasanezinak aplikatzen dira, eta segurtasun arloko inbertsio faltari gehituta, lan istripu mota honen jatorrian kokatzen diren prekarietate faktoreak dira.
Lan istripuak ez dira kasualitate hutsa, baizik eta langileriaren segurtasun eta osasunaren gainetik enpresen irabaziak lehenesten dituen lan-harreman eredu honen ondorio diren egiturazko arrazoiak baizik. Krisi ekonomikoaren aitzakian burututako erreforma eta murrizketak Euskal Herrian bete-betean aplikatuak izaten ari dira, eta euskal langileontzat lan-prekarietatearen handitzea eta lan ezbehar kopuruen handitzea besterik ez dakarte.
Horregatik, esparru ezberdinetatik lan-ezbehar kopuruaren handitzea langileok inolaz ere somatzen ez dugun jarduera ekonomikoaren ustezko susperraldiari egotzi nahi izatea onartezina deritzogu, eta patronalak susperraldia egonkortu heinean gorakada hau onartzera behartuta egonen garenaren baieztapenak egitea are deitoragarriagoa iruditzen zaigu.
Langileon lan baldintza duin eta segurtasunezkoak bermatuko dituen beste lan-harreman eredu bat ezartze aldera, aipatutako lan prekarietate faktoreak mugatzeko eta enpresen betegabetzeen aurreko kontrola areagotzeko berehalako neurri eraginkorrak hartzeko exigitzen dugu. Zentzu horretan lan-segurtasun eta osasunean ardura daukaten erakundeen ekintzak eta hauei bideratutako baliabideak azken urteetan bortitzki murriztuak izan direla salatu nahi dugu.
Azkenik ELAtik, aldarrikapen eta borrokarako oinarrizko tresna diren antolakuntza eta mobilizazio sozialaren bitartez Euskal Herriko langileon eskubideen alde lanean jarraitzeko konpromisoa berretsi nahi dugu.
Horregatik ELAk, beste sindikatuekin batera deituko dituen mobilizazioetan parte hartzeko deia luzatu nahi dugu.
LAN ISTRIPU GEHIAGORIK EZ! PREKARIETATEA HILTZAILEA