Enplegu Zerbitzu Publikoak argitaratutako urriko datuek Nafarroan 41.996 pertsona langabezia egoeran izen emanda daudela zehazten dute, aurreko hilabetean baino 753 gehiago.
Kontratazioari dagokionez, datuak oso kezkagarriak dira: irailean egindako kontratu mugagabeak 206 izan dira, guztira 5.283 egin direlarik. Horregatik, iraileko tenporalitatea %96,1ekoa izan da.
Urri amaieran argitaratu diren hirugarren hiruhileko datuen arabera, Nafarroako langabezia tasa %13,5ean kokatzen da eta azken hilabeteetako joerak ez gaitu Europar Batasuneko azken postuetatik mugitzen, ehuneko altuenetakoak baititugu (bigarren hiruhilekoan batezbesteko langabezi maila %9,5koa zen Europan). Prekarietateari dagokionez ere, Europar Batasuneko egoera makalenetako dugu.
Horrela, irailean langabezia egoeran zeuden 41.996 pertsonetatik soilik 19.274k jaso zuten prestazioren bat; hau da, langabeen %53,3ak ez zuen inolako prestaziorik jaso bere langabe egoeragatik; are gehiago, ehuneko hau gorantza doa azken urteotan, eta ez dirudi joerak aldaketarik izango duenik.
Hori dela eta, argi geratzen da egoera oso larria dela oraindik ere, langabezia maila jasangaitzekin eta prekarietate maila altuegiekin. Gainera, BPGaren hazkundea egon arren, ez da aberastasunaren banaketa justurik ematen eta ez da ia enplegurik sortzen, eta sortzen den enplegua oso murritza izateaz gain, gero eta prekarioagoa da.