UGTko eta CCOOeko zenbait arduradunek beraien soldata Nafarroako Aurrekontuetatik jasotzen dute zuzenean

Erabiltzailearen aurpegia ELA Nafarroa 2015ko urr. 5a, 13:46
ELA Sindikatuak egiaztatu du NEZko zenbait formakuntza hitzarmenek UGTren eta CCOOen ohiko estruktura ordaintzen dutela diru publikotik

ELA Sindikatuak egiaztatu ahal izan du Nafarroako Enplegu Zerbitzuko (NEZ) ustez enplegu heziketara zuzenduriko zenbait hitzarmenek, UGTk eta CCOOek euren liberatu sindikalen soldatak ordaintzeko erabili direla zuzenean. Orain egun batzuk ELAk argitaratu zuen bezala, Nafarroako Gobernuak NEZren bitartez 24 hitzarmen adostu zituen zuzenean CEN, UGT eta CCOO erakundeekin enplegu heziketa eta enpleguratze ekintzak egiteko asmoz, 9,5 milioi eurotako gastuarekin.

Gauzak horrela, ELAk lau hitzarmen lortu ahal izan ditu (2014ko data dutenak baina aurten berrituak izan direnak), non UGTko eta CCOOeko zenbait liberatu sindikalen zerrenda agertzen den, eta euren soldataren portzentaia bat Nafarroako aurrekontuetatik zuzenean ordaintzen dela egiaztatu daitekeen. Era honetan, NEZko 856/2015 erresoluzioa (apirilaren 29koa) enpleguan estabilitatea sustatzeko hitzarmena da, langileak enpleguaren kalitateari buruz aholkatzeko helburuarekin (hau edozein sindikaturen ohiko zeregina izanik), eta Nafarroko aurrekontuetako 250.000 euro zuzentzen dira soldataren 100% ordaintzeko, besteak beste, CCOOeko zerbitzu,iIndustria eta kimika arloko federazioetako arduradunei, eta portzentaia txikiagoan, nekazaritzako elikagaien eta Sakanako arduradunei. Era berean berdintasuna, kontziliazioa eta emakumeen enplegua sustatzeko hitzarmena 2014an CCOOeko erresidentzien arloko eta zerbitzu pribatuetako arduradunen soldata ordaintzera bideratu zen.

UGTren kasuan, enpleguaren estabilitaterako hitzarmena (1061/2015 erresoluzioa, maiatzaren 22koa) soilik egiaztatu ahal izan da. Kasu honetan sindikatu honetako merkataritza, ostalaritza eta nekazaritzako elikagaien arloetako zenbait arduradunek, batez ere Erriberan eta Nafarroa Erdialdea, eta baita Zerbitzuen Federazioko idazkari nagusiak berak ere euren soldata Nafarroako aurrekontuetatik jaso izan dute. Eta hau guztia sinatu diren 24 hitzarmenetatik 3tan egiaztatu ahal izan denean soilik. Beste hitzarmen batzuetan UGT eta CCOO erakundeei subentzio handiak ematen zaizkie ikerketak egiteko, eta ondoren sindikatu hauek euren kabuz eginiko ikerketak balira bezala aurkezten dituzte, honek -aurrekontuetatik ordaindutako- abantaila ez-legitimoa ematen dielarik gainerako sindikatuekin hauteskundeetan lehiatzeko garaian.

Bistakoa da egungo eredu hau kudeatzen dutenak ezin dutela espero ELA bertara gehitzea, beharrezkoa baita eredu hau eraistea: ELAk ez du UPNk 90. hamarkadan martxan jarritako eta gaur egun bere horretan jarraitzen duen lan harremanen eredu honetan parte hartzeko eskaintzarik onartuko. Eta aldaketa politiko eta sozialerako ELAren ekarpenaren inguruan, ELA Gobernuari proposamenak egiten ari da menpekotasun arloa berrantolatzeko, pribatizaturiko zerbitzuak berriz ere publiko egiteko edo fiskalitate justuagoa lortzeko. Aldaketa denbora kontua da zalantzarik gabe, baina batez ere, iparra galdu gabe egin beharrekoa.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!