Nafarroako Gobernuak ezarritako gastu-muga ez doa aldaketaren bidetik

Erabiltzailearen aurpegia ELA Nafarroa 2015ko urr. 2a, 09:41

Nafarroako Gobernuak 2016rako gastu-muga zein izango den argitu zuen atzo, 3.478 milioi eurotakoa, 2015ean baino 109 milioi gehiago (% 3,2). Atzo Gobernuak berak onartu zuen bezala, gastu-muga honek berebiziko garrantzia dauka, honek 2016ko aurrekontuen gastua baldintzatzen baitu.

Erabaki honen aurrean ELAk honako adierazten du:

  • Bistakoa da, datuak ikusita, Nafarroako Gobernuak 2016an UPNren Gobernuak ezarri izan dituen aurrekontuen jarraipena egingo duela. Era honetan, azken urteetan ezarritako ajusteak ezartzen jarraituko beharko du gastu-muga honekin.

  • Politika sozialak, eta benetako aldaketa soziala, egin ahal izateko beharrezkoa da aurrekontuaren igoera garrantzitsua izatea (gogoratu behar dugu, adibidez, Nafarroako osasun publikoko eta hezkuntza publikoko gastua inguruko herrialdeetakoa baino askoz txikiagoa dela). 109 milioi eurotako gastuaren hazkundea ez da nahikoa zentzu horretan, azken urteetan eman diren murrizketak konpentsatzeko adina ere ez baita (osasuenan eta hezkuntzan Nafarroako Gobernuko aurrekontua 2015ean 2010ekoa baino 192,4 milioi euro txikiagoa izan da).

  • Nafarroako Gobernuak Madrilen ezarritako defizitaren muga ontzat ematen jarraitzen du, Nafarroak duen aurrekontuak egiteko gaitasunari uko eginez eta Rajoy-ren politikei jarraipena emanez.

  • Prestatzen ari den erreforma fiskalaren inguruan, edukia ezagutzen ez bada ere, Gobernuak diru bilketan 30 milioi euro gehiago suposatuko duela aurreratu du (Gobernuaren gastuaren %1 baino gutxiago). Diru bilketan horren eragin txikia duen erreforma batekin ezin da aldaketa sozialaz hitz egin inola ere. Izan ere, onartu zen azken erreforma fiskalak (PSNk bultzaturikoak) 100 milioi gutxiago biltzea suposatu zuen. Beraz, begi bistakoa da erreforma honekin ez dela azken urteetan izandako politika fiskalarekin hausten.

ELAk aldaketa sozialaren alde egiten jarraitzen du, eta ezinbestekoa jotzen du horretarako politika fiskalen eta aurrekontu politiken aldaketa. Beharrezkoa da zerga-politikaren eta aurrekontu politikaren justizian aurrera pausoak ematea, eta pertsona eta mugimendu sozial guztiak zentzu horretan indar egiten jarraitzeko lanean jarraituko dugu.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!