UGT-ek eta CCOO-ek sinaturiko Nafarroako Metalgintzaren hitzarmenak askatasun sindikalak urratzen du

Erabiltzailearen aurpegia ELA Nafarroa 2015ko ira. 29a, 12:49

Patronalak, CCOOek eta UGTk sinatutako akordioak delegaturik gabeko enpresetako ordezkaritza bereganatu nahi zuen. Nafarroako auzitegi gorenak dio akordio horrek sinatu ez zuten sektoreko beste sindikatuen askatasun sindikala urratzen duela.

 

Epaiak hiru artikulu baliogabetzen ditu (25.a, 26.a eta inaplikazioari buruzko xedapen bat); hauen bidez UGTk eta CCOOek usurpatu egin nahi zuten langileen ordezkaritza hauteskunde sindikalik egin ez den enpresetan, funtsezko gaiak alde bakarretik negoziatzeko, esaterako lan-baldintzen funtsezko aldaketa, hitzarmenaren inaplikazioa edo kaleratze kolektiboa.

 

Epaiak dio artikulu horiek enpresaren neurriak eragindako langileen borondate pasiboa ordezkatzen dutelarik, erabat nahasten direla ordezkaritza eta legitimazioa, eta askatasun sindikalaren aurkako arau bat direla.

 

ELAk uste du epai honekin agerian geratzen dela UGT eta CCOOen lehentasuna: ez negoziazio kolektiboa, ezta erreforma laboralari aurre egitea ere, baizik hitzarmen sektorial honetaz baliatzea ez legeak, ez langileek eman dien eginkizun eta eskumenak bereganatzeko. Finean, monopolio sindikala lortzea langileen borondatea praktika antidemokratikoen bidez alboratuz. Zehazki, indargabeturiko artikuluek gaitasuna ematen zieten UGT-ri eta CCOO-i kaleratzeak edo soldaten jaitsierak sinatzeko, ordezkaritzarik gabeko enpresen langileak aintzat hartu gabe.

 

Sindikatu honek gogora arazi nahi du askatasun sindikala urratzeagatik emandako epai honen aurretik ere tankera bereko beste batzuk izan zirela, adibidez Koxka eta Portland enpresetan; honek islatzen du sindikatu horien estrategia sindikalaren helburua, beti ere patronalaren babesa duen, alternatiba sindikalak -ELAren modukoak- deuseztea dela, horretarako legez kontrako jokabideetara iristen direlarik.

 

Nafarroako langile-klasean duten ordezkaritza jaitsierak, ustelkeria kasuek eta gainbehera doan UGTren eta CCOOen irudiak gero eta argiago adierazten dute langileak antolatzeko gauza ez den eredu sindikal baten porrota.

 

Azkenik, ELAk exijitu du berehala egin daitezela zuzenketak Metalgintzako Hitzarmenean, eta ohartarazi du bere jokabide garbi eta autonomoari eutsiko diola, edozein praktika antisindikal salatuko duelarik. 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!