ELAk inola ere errebalidarik ez egitea eskatzen die Eusko Jaurlaritza eta Nafarroako Gobernuari

Erabiltzailearen aurpegia ELA Nafarroa 2015ko api. 22a, 10:06
Gaur Madrilgo mahai sektorialetik altxatzeko erabakiarekin kontsekuente izanez edozein kasutan errebalidei uko egitea eskatzen dio sindikatuak Lakuako gobernuari.

Gaur Madrilen burutu den hezkuntza mahai sektorialetik altxa dira bost erkidegotako ordezkariak, tartean Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailburuordea.

Altxatzeko arrazoien artean LOMCEk ezartzen dituen errebalidek erkidegoen hezkuntza konpetentziei egiten dien erasoa, suposatzen duten hezkuntzaren zentralizazioa, uniformazioa eta segregazioa eta hezkuntza langileen gutxiespena azpimarratu dituzte.

ELAk pauso egokia ikusten du salaketa hau egin eta mahaitik altxatu izana, baina orain arteko anbiguotasuna ekidin eta Eusko Jaurlaritzaren jarrera argitze aldera, edozein kasutan errebalidak egingo ez direnaren konpromisoa bermatu eta hezkuntza erreformari modu eraginkorrean aurre egiteko estrategiak hezkuntza eragileekin adostea eskatzen dio sindikatuak gobernuari. Izan ere, Uriarte Sailburuak berriki aurkeztu duen Heziberri egitasmoak, indarrean dagoen estatuko legediaren baitan, LOMCEk ezartzen dituen errebalidak eta beste hainbat eraso bere egiten ditu, gaur irudikatu den jarreraren guztiz kontrako bidean. Hau egin ezean, anbiguotasuna eta zalantzak mantentzeaz gain, gaurko keinu honek bere balioa galduko luke, hauteskunde garaiko itxurakeria bihurtuz.

Bestalde, ELAk tamalgarri deritzo gaurko bileran Nafarroako Gobernuak inolako desadostasunik agertu ez izana eta LOMCEren tamainako erasoa bere egitea, Nafarroako hezkuntza eta jendartea hezkuntza erreforma basatiaren menpe jarriz eta sakrifikatuz.



EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!