Euskal Herrian Euskarazek (EHE), Gemma Sanginesekin elkarlanean, sortu ditu tailer berri hauek. Lau saio iragarri zituzten iragan astean Altsasun egin zuten agerraldian, eta bertan egin da lehenengo saioa. Iruñeko Txantrea auzoan eginen da bigarrena eta, izena emateko, hurrengo urratsak jarraitu behar dira:
- Tailerra otsailaren 12an (ostirala) eta 13an (larunbata) izango da, 18:00etatik 21:00etara eta 10:00etatik 14:00etara, hurrenez hurren, Txantreako Auzotegi Kultur Etxean.
- Plaza mugatuak dira (25 lagun, gehienez).
- Txantreako auzokideek izanen dute lehentasuna izena ematerako orduan. Arrazoia zera da: plaza mugatuak izateaz gain, tailerren ostean garatuko diren talde dinamikak sortzeko (edo indartzeko) asmoa dago, eta beraz, elkarren arteko hurbiltasuna komeni da. Honekin batera, ostiraleko zein larunbateko saioetan parte hartzea beharrezkoa da.
- Otsailaren 10ean amaituko da izena emateko epea.
- Txantrea@euskalherrianeuskaraz.org helbidera idatziz edo Auzotegi Kultur Etxera (Etxarri-Aranatz kalea, z/g) bertaratuz izena eman ahal da, zerrendan sartzeko.
- Izen-ematea amaitzeko, 10€ ordaindu beharko dira (tailerraren matrikula eta larunbatean eginen dugun bazkaria barne).