Alderdien isiltasunaren aurrean "vascuencearen" legea gainditzeko beharra aldarrikatu du EHEk Iruñean

"Euskal Herrian Euskaraz, Hizkuntza Politika Burujabea!" lelopean, 50 lagun bildu dira gaur Nafarroako Parlamentu parean EHEk deitutako elkarretaratzean.

“Vascuencearen" legea indargabetzearen beharra azpimarratu eta lege berri bat egiteko urratsak ematen has daitezela aldarrikatu du EHEk gaurko mobilizazioan. Halaber, gai honekiko "gobernua mutu dagoela" eta, gaur gaurkoz, "tabu dela" salatu du Gorka Iriarte, eragile euskaltzaleko kideak. Bere ustean, "-aldaketaren gobernua- bere burua izendatu duenak ez du lege berri bat helburu".

Izan ere, gobernua osatzen duten lau indar politikoen artean adostutako programa akordioan ez da jasotzen  euskaldunon hizkuntza eskubideak bermatuko duen lege berri bat egitea. Eta azken neurrietatik harago, ez dago hizkuntza politika sendo bat definiturik.

Horren aurrean, gobernuarekin elkarlana abiatzeko prestutasuna agertu du euskalgintzak, eta hala berretsi du Euskal Herrian Euskarazek gaurko mobilizazioan. Baina, bertan adierazitakoaren arabera, "helburua argi azaldu behar du gobernuak, eta argi adierazi ematen diren urratsak vascuencearen legea gainditu eta Hizkuntza Politika Burujabe baten noranzkoan emateko prest dauden".

Bestalde, benetako aldaketa gauzatu dadin herritarren presioa beharrezkoa dela azpimarratu du Iriartek: "herritarrok badugu ardura Aldaketaren Gobernuari benetako aldaketa exijitzeko eta, orain da momentua, gogo hori indarrez adierazteko".

 

Horrenbestez, aldarrikapena plazaratzera animatu ditu EHEk herritarrak eta, Nafarroatik harago "Euskal Herrian indarrean dauden hizkuntza politika ezberdinen aurrean modu eraginkor eta koherente batean aritzeko estrategia definitzeko" deia egin du, "bide-orri horren baitan herritarrek eragin ahal dezaten".

 

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!