Hizkuntza Politika Burujabea aldarrikatuko du EHEk Iruñean

Abenduaren 15ean, "Vascuencearen" legearen 29.urteurrenarekin, elkarretaratzea antolatu du Euskal Herrian Euskaraz eragileak, "Euskal Herrian Euskaraz, Hizkuntza Politika Burujabea" lelopean. Nafarroako parlamentu parean izanen da, arratsaldeko 19:00etan.

Nafarroako Gobernua osatzen duten lau indar politikoen artean akordio programatikoa adostu zuten. Bertan, hizkuntza politikari dagokionez, ez zuten jaso euskaldunon hizkuntza eskubideak bermatuko duen lege berri bat egitea. Eta azaleko ekimen-neurrietatik harago, ez dago hizkuntza politika sendo bat definiturik.

Gobernu aldaketa eman da, baina ez da sakoneko aldaketarik eman, euskaldunon hizkuntza eskubideak zonifikatzen dituen "Vascuencearen" legeak indarrean jarraitzen du eta, hori aldatzeko ate guztiak itxita ez diren arren, epe motzean ez da aldaketarik aurreikusten.

Horrenbestez, "aldaketa" edukiz betetzeko garaia dela uste du EHEk eta, horren aurrean, euskalgintzak hizkuntza komunitate gisa erantzun beharko lukeela deritzo. Areago, Nafarrotik harago, Euskal Herrian indarrean dauden hizkuntza politika ezberdinen aurrean, Hizkuntza Politika Burujabea garatzeko bidea urratzeko premia dagoela uste du.

Bide horretan eragin nahian deitu dute hurrengo asteko elkarretaratzea.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!