Bihar eguerdi aldera hasiko dira Iruñeko Nabarreria xokoan Sanfermin Aldapakoaren bestak. Guretako urteko garairik berezienetakoa da, asteburu horretako igandearekin plazaratzen ohi baitugu gure ezpata-dantza.
Aurten ordea, bestelako lanak ditugu lehenxeago ere. Bere 150. urteurrena ospatzen dabil Iruñeko Orfeoia eta nazioarteko kontzertu handiez gain, Iruñean ikuskizuna antolatu dute erraldoien konpartsa, Pamplonesa musika banda eta hiriko txistulari, gaitari eta dantzariokin. "Ahotsak" du izenburu larunbatean emanen dugun ikuskizunak eta sarrerak salgai dira Iruñeko Civivox-etan.
Guretako garairik onenean heldu ez bada ere, berezia izanen da Orfeoiarekin batera dantzan aritzea. Izan ere, sorreran (1949. urtean) gure taldea zuzenki loturik izan baitzen Orfeoiarekin. Lehen dantzarietako batzuk Orfeoiko kide ere izan ziren eta Duguna izeneko ikuskizunean elkarrekin parte hartu zuten Iruñeko dantzariek eta Orfeoiak.
Beraz, ikuskizuna heldu den larunbatean izanen da, irailak, 26, gaueko 21:30etan Iruñeko zezen plazan.
Sanfermin Aldapakoaren ezpata-dantza zazpigarrenez
Igandean berriz, 11:30etan partituko da Sanfermin Aldapakoaren ezpata-dantza Arrotxapeko zubitik. Dagoenekoa ohiturazko egitarau bihurtu zaiguna errepikatuko dugu. Bandera arbola zubi gainean, zortzikoa Sanferminen irudiari, ezpata-dantza udal plazan eta irradaka Sanfermin Aldapakoaren eliza aitzinean. Aurtengoan beste urte batzuetan baino dantzari gehixeagok parte hartuko dute kortejoan eta orain arte banderari izan dugun Angel Lezak bere tokia utziko dio Joseba Lorenzori.
EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:
FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.
Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.
Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.