Heldu den urriaren 10ean Joxemiel Bidador dantzari, ikertzaile, historialari, filologo, irakasle eta idazle iruindar zenaren omenez, pastorala emanen dugu Iruñean. Egun hori helburu prestaketa lanetan ari gara azken hilabeteotan.
Iruñeko euskalgintzaren sinboloetako bat delakoan, Bidadorren pertsonaren bitartez bertako euskaldunak omendu nahi ditu ikuskizunak, berak, bere obraren bidez, gutxik bezala agerrarazi baitzuen Iruñeko euskaltzaleen izaera organikoa eta kolektiboa.
Antzerkia, dantza eta kantua nahasten dituen herri-ikuskizunaren testua Jon Alonsok idatzi du. Kantuak Mixel Etxekoparrek sortu ditu, eta zuzendari lanetan Aritz Ibañez eta Ihitz Iriart ari dira. Guztira laurogei lagun inguru ari dira musika, antzezpen eta ekoizpen lanetan.
Zuberoako pastoraletan oinarrituriko antzezlanak berezitasunak izanen ditu, nahiz eta pastoralen oinarrizko egitura gorde. Bi ordu eskas inguru iraungo du. Gainera, Tuterako Erraldoien konpartsak eta San Lorentzoko Dantzanteek ere hartuko dute parte gonbidatu gisa, bietako partaidea izan baitzen Bidador emankorra.
ZaldikoMaldiko, Euskaldunon Biltoki, Karrikiri eta Duguna taldeen elkarlanari esker ekoizten ari gara ikuskizuna.
EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:
FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.
Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.
Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.