Axeri-Boda-ren kronikatxoa

Erabiltzailearen aurpegia Iruñeko dantzariak 2008ko ots. 27a, 22:45

Urrun zirudien eguna, baino konturatzerako hortxe heldu zen otsailaren 24a, gure egutegian gorriz markatutako eguna.

Goizean goizetik autobusean igo eta bi orduko bidaiaren ostean, 10etarako Bilbon ginen. Autobusak Arriaga antzokiaren aurrean utzi gintuen. Ufa! Ikusia genuen lehendik, noski, baina inoiz baino handiagoa iruditu zitzaigun.

-Kaixo! Arratsaldean dantzatuko dutenak gara! esan genion antzokian arduradun zegoen emakumeari eta motxilak lurrean utzi eta egin genuen lehenengo gauza taula gainera sartzea. Ufa! berriz.

Falta zirenak heltzen joan ziren eta goizeko entsaiorako prestatu ginen. Azken errepasoa eman behar genion guztiari, geratzen ziren ezpal apurrak leundu. Taulan fokoak eta musikariendako oholtza prestatzen ari zirenez, soto-ko gela txiki samar batean egin genuen entsegua. Jefeek gertutik jarraitu zituzten gure pausoak. Guztiari buelta bat eman genion eta gogotik bota genuen izerdia. Lehen neke aurpegiak ikusi genituen. 3 orduko entsaioaren ostean, bazkaria, kafea, dutxa, siesta,...

Arratsaldean, entsaioa taula gainean, sartu-irtenak finkatu eta dantzarako genuen tokia markatzeko. Hau goizekoa baino arinagoa izan zen, baina hala ere, batzuen bazkalosteko dutxak ez zuen deustarako balio izan. 7ak aldera bukatu genuen entsaioa. Ordu bat besterik ez!

Kamerinotara itzuli, arropa hartu, berriz dutxatu, jantzi,... Claude-k eta Amaia-k lagundu ziguten ezer eror ez zedin, gerrikoak estu, zapiak ere bai. 10 minutu! Dios!

Batzuk urduri, besteak lasai, esperientzia tarteko edo egun osoko nekeak kirioak baretu zituelako. Iluntasunetik emeki atera gintuen fokoen argi leunak eta musika hastearekin mundu honetatik aldegin eta taula-gaineko mundura egin genuen jauzi. Izan ere, ordu t'erdiz beste mundu batean izan baikinen, axeri eta mairuen munduan, ortzadarraren azpian, dantzan. Denbora tarte horretan sentitu genuena adierazteko ez dago hitzik: axeriak, mairuak, txitoak, jauziak, brokelak, makilak, erratzak, gaitak, harpak, argiak, itzalak, indarra, samurtasuna,... Inoiz ez bezala gozatu genuen dantzan.

Eta konturatzerako, fini. Okinawako doinuz lagunduta, lanbro artean alde egin zuten axeriek.

Teloia berriz altsatu eta ia mila pertsona txalo batean. Axeri-beltzak eta mairuak atera ziren lehenbizi, habanerako neskak gero, axeri-gorriak azkenik. Urbeltz maisua ondoren, guk ere txalo egin genuen. Iñaki, Jexux, Fernando, Amaia eta Claude ere atera ziren. Haiek gabe ez geundeke bertan. Musikariak ere jaiki ziren. Eta jendea oraindik txaloka. Axeriren bati malkoren batek ihes egin zion,...

Joxemieeel,
Mieljoxeeee,
Joxemieeeel, Mieljoxeleeeen batelaaaa,...

Arkaitz Karrika-k ateratako argazki sorta hemen.
Egunkarietako kritikak hemen eta hemen.
ETB1eko Postdata saioan emandako bideoa, hemen azpian.



Osorik irakurri

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!