Iruñeko ferietan, iragan San Ferminetan...

Erabiltzailearen aurpegia Iruñeko dantzariak 2008ko uzt. 31a, 17:09

Aspalditxo bukatu dira iruindarron urtea bitan banatzen duten festak. Berandutxo gatoz beraz. Berandu baina seguru. Iruñeko jaiak izanagatik ere, guretzat lanik handieneko garaia dira San Ferminak. Kronika honen bitartez 9 egun horietan bizitakoetatik batzuk nahi dizkizuegu hurbildu.



Iruindarrok, Gora San Fermin!

Horrela hasi ziren jaiak ohi denez, eta txupinazoak eztanda egin eta ia ospatzeko denborarik gabe arropa armairuetatik atera eta dantzari janztera! Izan ere, uztailaren 6an Iruñeko eta Iruñerriko dantza talde guztiok emanaldi komuna prestatzen dugu Foruen plazan. Jaietako lehen ekitaldia izaten da. Aurtengo programa:
  • Dantzari-dantza: binango, launango, makil-joko nagusia eta txontxongilo.
  • Boastitzea eta Zinta-dantza.
  • Gorulari eta Domingilo.
  • Larrain-dantza
Urtean zehar landu ditugun dantzak izaki, emanaldi txukuna atera zitzaigun, kalimotxoak kalimotxo.




Egun handia

Uztailak 7, San Fermin. Entzierroa bukatu bezain laster geratu ginen Nabarreriako lokalean, malkarrak kendu eta prozesiorako prestatzeko.

Egun luzea izaten da zazpikoa. Prozesioa 10etan hasten da. Udal plazatik katedralera igotzen gara, Udal korporazioarekin, kabildoa hartzera. Katedraletik San Lorenzoko elizara, han egiten baitu lo San Ferminek.Santu apokrifoaren irudia kalera atera eta orduan hasten da berez prozesioa. Alde zaharreko hiru burgoetatik pasiatzen da santua. Jotak, alboradak eta Agur-jaunak abesten dizkiote eta ondoren meza izaten da. Guretzat hamaiketakoa. Bueltako bideari ekiten diogu horren ostean, udal txistularien doinura dantzan. San Lorenzotik katedralera  (aurten bereziki tentsio unez beteriko bidea), eta katedraletik udaletxera buelta. Orduan dantzatzen dugu 5 orduko jardunaren ostean.

Aurten, mutilek Uztai-txikiena dantzatu zuten eta neskek berriz, Uztai-handiena. Prozesioan Igor Campos izan zen buruzagia eta Juanjo Perez banderaria.

Debutari dexente izan genituen gainera: Myriam Monente, Leticia Esain, Josune Sarasate, Leire Garrues, Itziar Gonzalez, Xabier Flores, Jon Flores, Julen Fagoaga, Mikel Irure, Aitor Arana, Iñaki Valdes eta Mikel Garaikoetxea.




Egun txikia, txikien eguna, alegia.

Aurten uztailaren 9arekin egokitu zen txikien eguna. Etxeko txikienendako antolaturiko hainbat ekitaldi izaten dira egun horretan eta besteen artean, goizean egiten den dantza taldeen kalejira. Gure txikiak ere bertan izan ziren, fanfarreko kideekin batera.

Kalejira San Lorenzo eliza ondoan dagoen Baratxurien plazatik atera eta kale Nagusian barrena, Udal plaza eta Txapitela zeharkatuz, Gazteluko plazan bukatu zen. Bertan dantza emanalditxoa eskaini zuten gure dantzari txikiek.




Badatoz erraldoiak!

Iruñeko erraldoien konpartsa egunero ateratzen da dantzara San Ferminetan. Egunero ibilbide ezberdina egiten du. Kalejirak dantzatuz egiten dute erraldoiek bidean aurrera, baina toki jakin batzuetan baltsak ere dantzatzen dituzte, Iruñeko denda, elkarte edo peña esanguratsuetan. Guri uztailaren 11an egin ziguten bisita. Haien dantza eskertzeko asmoz, jatekoa eta edatekoa atera genien eta dirudienez gose galanta ematen du erraldoiak dantzatzeak.

Dugunako dantzari, dantzari-ohi, gaitari eta txistulari dexente doaz erraldoi eta kilikiekin, dantzaz gozatzeko beste modu bat baita.

Zirraragarria izan zen erraldoiak gure egoitzako atean dantzan ikustea.




Pobre de mi!

Dantza eta dantza jaietako azken egunera heldu ginen. San Ferminen Zortziurrena. Egun horretan ere prozesio modukoa egiten da, baina ez da santurik ateratzen kalera. 7koa baino askoz motzagoa izaten da, gainera. Poztu gintuen sorpresa bat izan genuen gainera. Izan ere, gure taldeko txistulari den Eiande Aranburuk debuta egin baitzuen Iruñeko udal txistularien bandarekin. Zortziurrenean Juanjo Perez izan zen buruzagi eta Ioseba Morales-ek egin zituen banderari lanak.

Prozesioaren ondoren, emanaldia izaten da udal plazan. Pamplonesa musika bandak jo egiten du, eta erraldoiek eta guk, dantzatu.

Bada pieza bat denok elkarrekin egiten duguna. Jota bat da: "La Dominguera". Pamplonesa musika bandako zuzendari izandako Silvano Cervantes-ek idatzi zuen eta San Ferminetako doinu ezagunenetakoa da. Erraldoiak hasten dira dantzan jota erritmoan eta musika moteltzerakoan taldeko neskek baltsa dantzatzen dute Kilikiekin batera.

Aurten dantzan aritu ziren: Leire Leza, Maitane Algarra, Edurne Irigoien, Amaia Irigoien, Maitane Monente eta Ainara Ranera.




Horren ondotik, eta arropaz azkar-azkar aldatuta, azken urte hauetan ohitura moduko ere bihurtu duguna: Larrain-dantza. Akaso ez da horrelako egun eta toki baterako dantzarik aproposena, baina Turrillas maisuaren musika konponketa dotore baten eta Iruñeko gaitero eta metalen banda baten doinupean, eder-ederra geratzen da.



  • Uztailaren 14ko argazki sortak: 
          La Dominguera eta Larrain-dantza.

Horrekin eman genion amaiera, dantzari dagokionez, 2008ko San Ferminei.

Gutxiago falta da!
 

Osorik irakurri

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!