Tradizio berri bat Iruñerako: Iruñeko Ezpata-dantza

Erabiltzailearen aurpegia Iruñeko dantzariak 2009ko ira. 18a, 08:25

Duguna dantza taldearen aspaldiko asmoa zen Iruñerako dantza propio batzuk sortzea. 1949. urtetik hona, taldearen eginkizunen artean dago hiriko ospakizunetan (San Fermin, San Fermin txiki, San Saturninon...) dantzatzea. Emanaldi horietan prozesioa lagundu eta urtero hemengo eta hango dantza ezberdinak dantzatu izan ditugu. Baina uste genuen, Iruñea dantza tradizio aberatseko hiria izanik, dantza propio batzuk merezi zituela. Beraz, eredua aldatu eta urtero errepikatuko ziren dantza batzuk sortzea jarri genuen helburu duela 2-3 urte. Orduz geroztik dokumentazio, hausnarketa, azterketa eta sortze lanean aritu gara. Emaitza, 2009ko San Fermin txikiko jaietan estreinatuko dugun Iruñeko Ezpata-dantza izanen da.

Duguna dantza taldeko 35 dantzarik eta taldeko txistulariek parte hartuko dute Iruñeko Ezpata-dantzaren estreinaldi honetan.

Irailak 27, Aldapako San Fermin:

  • 11:30 - Arrotxapeko zubian: Bandera arbola eta kortejoaren irteera
  • 12:15 - Aldapako San Ferminen elizatik: Aldapako San Ferminen prozesioa
  • 13:15 - Udal plazan: Iruñeko Ezpata-dantza


Dantza tradizio aberatseko hiria

Iruñeko ospakizunetan dantzarien lehen erreferentzia idatzia 1556. urtekoa da. Urte horretako San Ferminetan parte hartu zuen dantzari talde bati egindako ordainketaren aipamena da. Data horretatik aurrera eta XVI mende osoan zehar dantzariekin egindako akordio eta ordainketak behin eta berriz azaltzen dira Iruñeko udalaren artxibategian. Gauza bera gertatuko da hurrengo mendeetan ere, dantzei buruzko xehetasunak oraindik ere zehatzagoak izanen direlarik. Horrela jakin dezakegu besteak beste, San Fermin edo San Fermin txiki egunerako dantzak prestatzen zituztela garaiko dantza maisuek espreski edo ohikoak zirela makila-dantzak, makil eta brokelekin egindako dantzak, makil luzeekin egindakoak, arku-dantzak, zinta-dantzak, baita ezpata motz zein luzeekin egindako dantzak ere. Azken hauek, ezpata luzeekin egindako dantzak, 20 lagunetik gorako dantzari multzoekin osatzen ziren. Hauek ohikoak izaten ziren Corpus egunean, besteak beste.

Dantzarien parte-hartzea Iruñeko zeremonialetan nabarmen egin zuen behera XIX. mendean, harik eta XX. mendearen erdialdera Iruñeko udalak, Iruñean izandako dantza-tradizioaz jakitun, Udal dantzari taldea sortu zuen arte. Mendetako tradizio horren oinordeko sentitzen gara, horregatik, atzera begiratuz etorkizunerako proposamena egin nahi izan dugu.

Ezpata-dantza, pausoz-pauso


XXI. mendeko dantza


2009. urte honetako San Fermin txikietan estreinatuko dugun Ezpata-dantza hau sortze prozesu baten ondorio da, alegia, ez da lehendik existitzen zen dantza baten berreskuraketa. Sorkuntza berria da, XXI. mendeko dantza, baina aldi berean, erabat tradizionala izatea nahi genuke, gure ezaugarri kulturalekin bat egiten duten gizartetan bizirik dirauten adierazpen tradizionalekin bat eginez. Dantza tradizionalak hartu ditugu jarraibide, beraz, baina tradizioaren ikuspegi dinamikoa jarraituz. Dantza bizia sortu nahi izan dugu, tradizioa bera den bezalakoa. Tradizioa prozesu dinamikoa da, gizarte belaunaldien arteko lotura egiten duena, eta gure aurrekoen ondare kulturalaren transmisioa bermatzeaz gain, belaunaldi berrien izaera integratzen duena.

Dantzarien dantza

XXI. mendeko dantzariak gara eta XXI. mendean sortutako dantza dugu Iruñeko Ezpata-dantza. Hartara, gaur egungo baloreekin bat eginen duen dantza bat sortu nahi izan dugu. Genero bereizketarik gabeko dantza tradizionala izanen da Iruñeko Ezpata-dantza. Bertan dantzariek parte hartuko dute, neskak eta mutilak berdin, haien meritu eta abileziaren arabera, generoaren araberako bereizketarik gabe.

Taldearen osaketa

35 dantzarik osatuko dute Iruñeko Ezpata-dantzarien taldea. Buruzagiak gidatuko du Ezpata-dantza, ondoan Zerbitzaria eta atzean dantzarien tropela (28 dantzari) dituela. Atzetik ezpata-txikiekin dantzatuko duten lau Kapitainek. Taldea itxiko dute Banderazainak eta txistulariek:
Iruñeko Ezpata-dantzak ondorengo formazioa izanen du:

  • Buruzagia: Aritz Ibañez
  • Kapitainak: Leire Leza, Akier Perkaz, Joseba Lorenzo, Xabier Adrian
  • Dantzarien tropela: Julen Fagoaga, Iñaki Iribertegi, Martxelo Sotes, Xabier Garin, Maitane Algarra, Aitor Arana, Iñaki Dominguez, Ioseba Morales, Gaizka Garde, Mikel Larunbe, Gustavo Valencia, Amaia Irigoien, Edurne Irigoien, Miguel Angel Goikoetxea, Igor Campos, Oihane Perkaz, Leire Garrues, Ainara Ranera, Leticia Esain, Marisa Azparren, Javier Urtasun, Hasier Moreno, Mikel Irure, Amaia Visus, Joseba Goñi, Myriam Monente, Bea Martinez, Gurutze de  La Mota
  • Zerbitzaria: Mikel Tristan
  • Banderazaina: Angel Leza
  • Txistulariak: Iñaki Sagardoi, Eiande Aranburu, Ainara Ibañez, Enneko Ganboa, Veronica Ferreira eta Beñat Lopez.


Dantzak

Iruñeko Ezpata-dantza honako dantzek osatuko dute:

  • Bandera arbola
  • Banderaren azpiko korrikaldia
  • Biribilketa
  • Tropelaren zortzikoa
  • Kapitainen zortzikoa
  • Ezpata-dantza
  • Buruzagiaren eta zerbitzariaren arteko zortzikoa

Nafarroan ez dugu ezpatekin egiten diren ezpata-dantzen erreferentzia bizirik. Baina, aurrerago ikusiko dugun moduan, askotan ezpata horiek beste tresna batzuengatik ordezkatuak izan dira. Lesakan dugu adibiderik argiena. Zinta zuri-gorriz ornitutako makilekin dantzatzen badira ere, koreografiari begiratuta, ezpata-dantzen multzoan sailka ditzakegu uztailaren 7an San Ferminen omenez Lesakan dantzatzen diren dantzak. Bandera arbola ere egiten dute bertan. Azken hau, banderarekin egiten den dantza, Lesakan dantzatzen dute, Onin erreka zeharkatzen duen zubiaren gainean, baina baita Beran eta Donezteben ere, esaterako. Iruñean, San Fermineko prozesioan langileen gremio bakoitzak bere bandera zeraman XVIII. mendean eta hiriko banderari agurra egiten zioten une jakin batean. Ezpata-dantzekin lotuta agertu izan dira ikurrin dantzak (Lesakakoa adibiderik hurbilena) eta horregatik barneratu dugu Bandera-arbola Iruñeko ezpata-dantzan.

Ezpata-dantza izan da gutxienez azken 3-4 mendetan Euskal Herrian eta baita Europako eskualde askotan gehien dantzatu den egitura koreografikoetako bat. Euskal Herrian ospakizun handi eta protokolo garrantzitsuenetan egiten zen dantza ezpata-dantza zen. Corpus eguneko ospakizunak eta errege-erreginen bisitetan erruz agertuko dira ezpata-dantzak. Gipuzkoan esaterako, 1828ko ekainaren 2tik 14ra bitartean Fernando VII.ak hainbat herri bisitatu zituenean, ezpata-dantza eskaini zitzaion ongietorri gisa 17 herritan. Lizartzan, Tolosan, Billabonan, Andoainen, Urnietan, Hernanin, Donostian, Ordizian, Beasainen, Ormaiztegin, Zumarragan, Urretxun, Legazpian, Antzuolan, Bergaran, Soraluzen eta Eibarren dantzariekin, eta ia gehienetan ezpata-dantzarekin egin zioten harrera Fernando VII.ari. Talde handiak ziren gainera.

Bizkaiko Markina-Xemeinen ere egiten dute ezpata-dantza. Zenbait elementutan ezberdintzen badira ere, antzekotasun handia du Gipuzkoako ezpata-dantzekin ere. Nafarroa, Gipuzkoa, Bizkaia, Katalunia, Galizia, Andaluzia, Flandes edo Ingalaterrako tradizioetan ageri diren antzeko egitura koreografikoak daude gure ezpata-dantza honen oinarrian: taldea osatzeko modua bera, eta baita zubiak, ganbarak eta arrosa egiteko modua ere.

Tradizio luzeko dantza hauez gain, azken urteotan sortu edo bersortu egin dituzten ezpata luzeko tradizio berriagoak ere hartu ditugu informazio iturri (Eibarko Arrateko dantzak batez ere, baita Beasainen, Andoainen eta Añorgan egin dituztenak ere.)



Ezpata-luzeko dantzarien ondoan, eskuan ezpata txikiak daramatzaten dantzariak ageri ohi dira Gipuzkoako eta Bizkaiko ezpata-dantzetan batez ere. Dantzari trebeenei uzten zaie eginkizun hori, zailtasun tekniko handiko urratsak egin behar izaten baitituzte haien zortzikoetan. Gipuzkoako eta Bizkaiko dantza tradizioetan ederki gorde dute karaktere dantzen multzoan sar dezakegun dantza molde hori (artaziak, zango goratzeak, muriskak eta bestelako urrats konplikatuak barneratzen dituena). Nafarroako kasuan modu lausoagoan, baina ezpata-txikiekin dantzatuko duten Kapitainendako egokiak izan daitezkeen urratsak identifikatu ditugu ingurutxo edo zortzikoetako belauntxingoetan. Gipuzkoako eta Bizkaiko tradizioetako urrats teknikoekin parekatu ditzakegu. Horregatik erabaki dugu Iruñeko Ezpata-dantzaren baitan ezpata-txikiko dantzarien (Kapitainen) figura sartzea.

Elementu horiek guztiak jasoz gure inguruko ezpata-dantzen antzeko, baina era berean ezberdin eta bereizgarria izanen den Ezpata-dantza sortu nahi izan dugu.

Jantziak

Koreografiekin egin dugun moduan, jantzi berriak sortu ditugu ezpata-dantzarako, baina gisa honetako dantzetan erabili izan diren eta erabiltzen diren jantzietan oinarrituta. Iruñeko XVI-XVII-XVIII. mendeetako danzanteei buruzko informazio ezberdinetan topatzen dugu, zuriz jazten zirela normalean, gona motzak zeramatzatela batzuetan - Valentziatik zetozen danzanteen eraginez. Gaur egun ere Gipuzkoan eta Erribera aldean erabiltzen dituzte gona motz horiek - koloretako apaingarriak zeramatzatela, zintzarriak lotzen zituztela zangoetan, kapela koloretsuak zeramatzatela... Garai hartan sendotu ziren gaur egun ezagutzen ditugun hainbat dantzen ezaugarriak, baita janzkerari dagokionez ere. Gertuko tradizioetatik ere ikasi nahi izan dugu alor honetan (Lesaka, Gipuzkoa, Erribera, Luzaide...). Behin eta berriz aipatzen ari garen dantza tradizioetan ohikoa denez, kolore zuriko arropa hartu dugu jantziaren oinarri: alkandora, galtza motza, galtzerdiak eta gona motza. Bularraldean zintak eta eskapularioak eramenen dituzte dantzariek. Zangoetarako zintzarriak ere hartu ditugu apaingarri. Azkenik, Iruñeko Ezpata-dantzaren janzkeran bereizgarri izan daitekeen buruko kaska erantsi diogu jantziari. Gisa honetako kapela loredunak hainbat eta hainbat dantza tradizionaletan ikusten ahal ditugu, bai Euskal Herrian, baita Euskal Herritik kanpo ere.

Musika

Musika ezinbesteko osagaia da dantzarako. Tradizio berria sortu nahi dugun arren, musikari dagokionean doinu tradizionalak eta ezagunak erabili nahi izan ditugu ezpata-dantza laguntzeko, horrela dantzak berriak izanagatik ere, ezagut-errezagoak izanen direlakoan. Gure tradizioan ohikoak diren 3/8, 2/4, 6/8 eta 6/8-3/4 erritmoko doinuak dira. Bi txistuz eta atabalaz jotzeko doinuak dira denak, Nafarroako iparraldeko zortziko, biribilketa, bandera-arbola eta bestelako doinu tradizionaletatik ateratakoak. Dugunako txistulariek joko dituzte doinuok.

Ibilbidea

Kortejoa Errotxapeako zubitik aterako da. Bertan banderaren dantza eginen dugu. Horren ostetik ezpata-dantzarien taldea Santo Domingo kaletik igo eta bertan dagoen San Ferminen irudiari dantzatuko diote Kapitainek. Aldapako San Ferminen elizara abiatuko da segidan tropela, San Ferminen irudia  atetik ateratzean Kapitainek dantza eginen diote berriz. Kortejoak prozesioan parte hartuko du, bukaeran San Ferminen irudiari arkua eginen diotelarik dantzariek.

Prozesioa bukatzearekin ez da amaitzen dantzarien lana. Udal plazara abiatuko da taldea eta bertan eginen dute Ezpata-dantza. Dantzariek buruzagiaren lepo inguruan ehunduko dute arrosa eta honen ondotik buruzagia arrosaren gainean lurretik altsatua izanen da, berriz ere banderaren dantza egiten den bitartean. Horren ondotik Kapitainek haien hirugarren zortzikoa dantzatuko dute.
Dantza taldearen egoitzara abiatuko da kortejoa azkenik, Buruzagiaren eta Zerbitzariaren arteko zortzikoarekin amaituko delarik eguneko jarduna.

Tradizioaren koreologia


Tradizioz gaurdaino iritsi diren euskal dantza tradizionalak deskribatzerakoan irizpide koreologikoak erabili dituzte zenbait ikertzailek. Sailkapen horietan oinarritu gara Iruñeko Ezpata-dantza osatzeko erabiliko ditugun egitura koreografiko nagusiak hautatzeko.

Ezpata-dantzak

Dantzariak lerro bakarrean edo bi, hiru edo lau lerrotan antolatzen dira. Bakoitzak ezpata luze bat du eskuan, eta ezpata heldulekutik eskuarekin hartuta punta aurreko dantzariari ematen dio. Denen aurrean buruzagia jartzen da, eta honek aurreko dantzarien ezpatak hartzen ditu. Ezpata-dantzak dira, eta ezpatak aipatuko ditugu behin eta berriz, baina askotan ezpata horiek beste tresna batzuengatik ordezkatuak izan dira. Makilak batzuetan (koloretako zintekin apainduta), lantza luze batzuk, e.a. Gure kasuan egurrezko ezpatak hautatu ditugu herraminta gisa. Esan bezala, Nafarroan ez dago ezpatekin dantzatzen den ezpata-dantzen aztarna bizirik, baina bai zintadun makilekin egiten den bat behintzat, Lesakakoa. Iruñeko Ezpata-dantza ezpatekin ala egurrezko makilekin egin, hori izan zen dantzaren elementuak hautatzerakoan edukitako zalantzetako bat. Erdiko bidea hartzea erabaki genuen, egurrezko ezpatak aukeratuz, Ezpata-dantzari ikutu bereizgarria emanen ziolakoan, bestalde.

Ezpata, makila edo lantza izan, behin eta berriz errepikatzen den egitura ikus daiteke ezpata-dantzetan. Dantzariak bi lerrotan antolatzen badira V tankerakoa izango da ezpata-dantza, eta dantzariak lau lerrotan badaude W tankerakoa. W tankera honetakoa izanen da Iruñeko Ezpata-dantzaren egitura.

Askotan, ezpata-luzeko dantzarien ondoan ezpata txikiak daramatzaten dantzariak ageri ohi dira. Normalean taldearen atzeko aldean joaten dira hauek, eta dantzatu behar dutenean aurrealdera pasatzen dira.

Ezpata-dantza egitura hauetatik abiatuta hainbat forma desberdin har daitezke. Baina badira zenbait mugimendu tradizioan askotan errepikatu direnak, eta hainbat tokitako dantzetan aurki ditzakegunak. Horietako batzuk jaso ditugu Iruñeko Ezpata-dantzarako:

  • Zubiak

Ezpata-dantza taldea ikusi dugun egitura horretan antolatuta dagoela, buruzagiak edo maisu zaharrak bere burua biratu eta atzerantz jotzen du. Dantzariek ezpatak ez dituzte askatzen, eta ondorioz, denek buruzagiaren ibilbidea egingo dute, aurreraino lehenik eta atzeruntz ondoren. Ezpatak askatu gabe mugimendu horiek egiteko bi modu nagusi erabili izan dira. Ohikoena ezpatak buru gainetik altxatzea da, eta horrela dantzariak azpitik pasako dira.

  • Ganbarak

Normalean agintariak eta omenduak azpitik pasarazteko egiten den ganbara edo arkua.

  • Zintzarria

Ezpata-dantzetan oso zabaldua dagoen beste egitura zintzarria, arrosa, parrilla edo degollao izenekoa da. Ezpatak elkar gurutzatuz osatzen da egitura hau, dantzarietako baten lepo inguruan antolatzen da maiz. Zintzarriaren gainera igo ohi da buruzagia beste batzuetan. Euskal Herrian Legazpian eta Markinan ezagutu ditugu mota honetako egiturak eta Iruñeko Ezpata-dantzarako ere erabili dugu. Izan ere, kondairak dio San Fermin zintzurra moztuta hil zutela, eta Ezpata-dantzako degollao-aren figura ezin egokiagoa da Iruñeko patroiaren martirioa gogoratzeko (hori baita San Fermin txikietan gogoratzen dena).



Eskerrak

Eskerrak eman nahi diezkiegu Iruñeko Ezpata-dantza sortzeko prozesuan laguntza eman diguten lagun guztiei. Lehenbizi eta behin, eta bereziki Juan Antonio Urbeltz-i, gure proiektua ulertu eta koreografiak, jantzien osagarriak, doinuak... hautatzerako orduan burubelarri laguntzeagatik. Arrazoi beragatik, Argia dantzari taldeko dantza-maisuei: Iñaki Arregi, Jexux Larrea, Fernando Aristizabal eta Amaia Buenori. Era batean edo bestean eman diguten laguntza eskertu nahiko genieke era berean, Oier Araolaza, Patxi Laborda, Sabin Bikandi, Jesus Pomares, Julen Leuza eta Itziar Zaldua-ri.

Osorik irakurri

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!