Gezurra badirudi ere (guri oso azkar pasa zaigu denbora), urtebete pasa da iaz San Fermin Aldapakoaren ezpata-dantza estreinatu genuenetik. Gure asmoa da, iaz, aurten eta heldu diren urteetan ere dantza hau beti egun, toki eta ordu berean karrikaratzea. Eta hala egin genuen pasa den irailaren 26an ere.
Aurten ere eguraldia lagun, euririk ez zuen egin behintzat, goizeko 11:30etan irten ginen Arrotxapeako zubitik, Angel Leza banderazainak txistularien doinura bandera dantzatu ostean.
Santo Domingo kalean, tropelak bere zortzikoa dantzatu ostean, entzierroan San Fermini korrikalariek babes bila abesten dioten hornazinan dantzatu zuten, Julen Fagoaga, Eder Gartzia, Xabier Adrian eta Leire Leza kapitainek eta Aritz Ibañez buruzagiak.
San Fermin Aldapakoaren elizara helduta, meza bukatu zen arte itxaron genuen plazan eta indarrak hartu genituen Donezar-eko piper-opilak eta Irunberriko moskatela dastatuz. Kanpai hotsen artean, San Fermin karrikara atera zelarik Iosu Martin zerbitzariak piper-opila eskaini zion santuari eta ondoren kapitainek eta buruzagiak berriz dantzatu zuten haien bilantzikoa.
Prozesioa 12:15ak aldera atera zen: erraldoiak eta kilikiak, Pamplonesa musika banda, korporazio txikia, San Fermin-en irudia eta ezpata-dantzariak. Nabarreriako burgotik ibilaldia egin ostean berriz heldu ginen Aldapako San Fermin-en kaperara eta erraldoien dantzak lekuko, santuaren irudia elizan sartu zuten, heldu den urtera arte.
Udal plazara abiatu ginen orduan, bertan egiteko buruzagiaren inguruko arrosa. Tropela dantzan sartu zen plazan eta kapitainak zubien azpitik pasa ostean, arrosa ehundu zuten. Banderazainak berriz dantzatu zuen bandera leunki, buruzagia goratua izan zen ezpata luzeen gainean eta kapitainek haien azken bilantzikoa dantzatu zuten.
Udal plazako saioa bukatu eta gure egoitza ondoan amaitu genuen 2010. honetako jarduna buruzagiaren eta zerbitzariaren arteko bilantzikoarekin. Ondotik, mahaiaren bueltan bigarrengo ekitaldi hau ospatuz, itxitzat eman genituen aurtengo lanak.
Egunean zehar lagun batek esan zigun, Iruñean zerbait bitan errepikatzen denean ohitura bihurtzen dela. Guk egin dugu bigarrena, heldu den urtean hirugarrenaren bila!
EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:
FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.
Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.
Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.