Heldu den irailaren 25ean ospatuko dugu Iruñean San Fermin Aldapakoaren eguna (San Fermin hil zutenekoa gogoratzen da), eta egun horrekin plazaratuko dugu hirugarren urtez ezpata-dantza.
Protokoloa ohikoa izanen da:
Baina berritasun batzuk ekarriko ditu aurtengoak.
San fermin Aldapakoaren Irradaka
Hasteko, dantza berri bat gaineratu diogu protokoloari. Euskal Herrian asko dira, ezpata-dantzaren edo trokeo-dantzen ondotik soka-dantza dantzatzen duten tradizioak. Guk ere soka-dantza edo irradaka gaineratu nahi izan diogu gureari, eta hartara, aurten estreinatuko dugu protokolo guztiari amaiera emateko. Juan Antonio Urbeltz eta Argia dantza taldeko dantza-maisuen aholku eta laguntza eskertu nahi dugu, beste behin ere.
Behin udal plazatik gure egoitzara itzulita eta buruzagiaren eta zerbitzariaren bilantzikoaren ostean, soka montatu eta San Fermin Aldapakoaren eliza aurrekaldera abiatuko gara soka-dantza hau egitera. Irradakak soka dantzatu eta abestuak izaten dira eta gureari Julio Soto bertsolariak jarri dizkio hitzak, "Iya guriak egin du" melodiari:
1) Altxa burua dantzari
Eragiozu hankari
Zuri entzule horri
Gure pozen jatorri
Gozatu, ongi etorri
2) Elkarri esku emanda
Ilusioz eramanda
Hankak hona, harantza
Bihotzak ahorantza
Has dadila soka dantza
3) Sokari korapiloa
Eta lotura piloa
Dantzatzera, kantura
Kaleetan kultura
Hori da gure lotura
4) Gaitzetatik, minetatik
berriz libratzeagatik
Esker handi askoa
behar bezalakoa
San Fermin aldapakoa
5) Beharrezko zaitugunez
Zoriontsu nahi dugunez
Segi babes ematen
Herria eramaten
Gure zaindari izaten
6) Kalea bizi nahi dugu
Kaleak bizi gaitu gu
Kolore zuri gorriz
Notei pausoa jarriz
Hurrengo urtean berriz
7) Eskerrik asko ikusle
bidearen erakusle
kantari ta orroka
segi luzatzen soka
jarri mundua saltoka
Urratsei dagokienean oso dantza sinplea da eta beraz, nahi duen guztia dago bertan parte hartzera gonbidatuta.
Bestetik, Sabin Bikandi tanborintero bizkaitar eta laguna helduko zaigu aurtengoan txistuarekin gure kriskitinak dantzan jartzera, taldeko gainontzeko txistulariekin batera. Hola, azken urteotan, behar izan dugun bakoitzean eskaini digun laguntza eskertu nahi diogu.
Aurten ezpata-dantzarien taldea osatuko dutenak, hauek dira:
EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:
FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.
Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.
Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.