San Fermin txikiak pasa berri eta oraindik handiei erreparatu gabe!
Tentsioz betetako ekaina baten ondotik heldu zen uztaila. Urtero bezala, uztailaren 6arekin hasi ziren honakoan ere San Ferminak. Atzerapenik gabe, hori bai! Goiz-goizetik egun eurikara eta uste genuen aspaldiko partez Foruen plazako emanaldirik gabe hasiera emanen geniola festari. Baina ez! Azkenerako, txupinazoaren ondotik eguzkia ere atera zen eta beraz, dantzatzeko estakururik ez genuen izan!
Gipuzkoako zenbait dantzekin hasi zen Iruñea eta Iruñerriko talde guztiek elkarrekin egiten dugun emanaldi hau: Boastitzea, Uztai-txikiena eta Zinta-dantza dantzatu genuen. Hortxe argazkitxo batzuk:
Lapurdiko inauterietako dantzak ere egin genituen: Kaskarot-martxa, Xinple, Marmutx, Makil-dantza, Zapatain-dantza, Lapurtar motxak, Kadrileak eta Dantza luzea, eta gogoan ez dugun besteren bat, agian. (Mila esker Kezka dantza taldeko lagunei, Lapurdiko jantziak uztearren!)
Kasik emanaldia bukatu eta berriz hasi zuen euria. Eta ez zuen arratsalde guztian atertu. Ezta gauean ere. Eta busti-bustirik heldu ginen uztailaren 7ra. Eta uztailaren 7arekin egun handia heldu zen eta egun handiarekin, prozesioa. Goiz guztia karrikaz-karrika ibili ondotik, kasik bazkal ordua zelarik dantzatu genuen Udal plazan. San Blas eguneko soka-dantza egin genuen bazkaltzera joan aurretik. Mikel Tristan-ek eta Gaizka Garde-k egin zituzten aurrendari eta azkendari lanak.
Eta tarteko hainbat bazkari, hainbat bazkalburu, hainbat afari, hainbat afalburu eta hainbat desordutako dantzaren ondotik, uztailaren 14a ere heldu zen, eta berarekin zortziurrena. Egun horretako paseoa motzago izaten da eta beraz, lehenxeago tokatu zitzaigun dantzan egitea. Uztailaren 14ean ohikoa izaten da erraldoiekin eta kilikiekin batera "La Dominguera" jota dantzatzea gure taldeko neskek. Ainara Ranera, Itziar Perez, Leire Leza, Katrin Zugasti, Itxaso Martinez eta Mirian Goñi aritu ziren Kilikien oin zapalketak ekidin nahian.
Eta ondotik (eta azken aldikoz), Larrain-dantza egin genuen uztailaren 14 batekin!
Gutxiago falta da!
EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:
FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.
Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.
Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.