Zazpigarren urtez gonbidatu gintuen aurtengo uztaila hondarrean, Tuterako Beterri peñak, bertako festetan dantzatzera. Gustora asko joaten gara erriberako hiriburura dantzara, goxo baino goxoago tratatzen baigatuzte bertan. Uztailaren 26arekin abiatu ginen, beraz, Tuterara eta iaz zezensuzkoarekin izandako kalapita saihestearren, pixka bat aurreratu genuen karrikadantza eta emanaldia.
Aurten Gipuzkoako zenbait dantza eman genituen alde zaharreko karriketan: Uztai-txikiena, Makil-handiena, Brokel-Makilena, Zinta-dantza eta Makil-txikiena. Dantzari zortzikoteak eta buruzagi lanak partekatuz aritu ginen, beroari aurre egiteko eta xede horretan berebiziko laguntza izan ziren antolatzaileek uneoro eskaini zizkiguten ur eta garagardo katxiak.
Ainara Ranera, Itziar Perez, Akier Perkaz, Iñigo Gartzia, Julen Fagoaga eta Aritz Ibañez aritu ziren tarteka taldea gidatzen. Baita Aitor Razkin ere, kasu honetan lehenbiziko aldiz. Izan ere, aurretik egindako emanaldi bikain eta hutsik-gabea saritzeko, azkeneko plazako geldiunean Makil-handien taldearen buruzagi izateko aukera izan zuen! Biba Aitor!
Emanaldiaren ondoreneko dutxa eta afari goxoarekin hasi ginen kontatzen heldu den urteko bisitarako falta diren egunak.
Biba Tutera eta Tuterarrak!
EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:
FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.
Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.
Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.