Hamarkadak dira gure taldeak Iurretako dantzariekin harremanak dituela. Haiekin ikasi zuten gure aurrekoek dantzari-dantza eta haiekin berrikasi genuen guk ere, duela zenbait urte ya. Ta azken urtetan hara joan behar genuela dantzan, baina beti San Fermin txikiekin bat egin, eta ezin! Baina ilargiaren kontuak, aurten Aldapako San Ferminak eta Iurretako San Migel festetako asteburuek ez dute bat egin eta aspaldiko zorra kitatzeko aukera izan genuen urriaren 4ean.
Iurretako dantzariekin batera emanaldia egin genuen erdi-bana, herriko plaza zoragarri horretan. Iurretarrek Estanpa, Gorulari eta Domingilue, Dantzari-dantza eta Erregelak dantzatu zituzten, 4 txandatan.
Guk Nafarroako dantza sorta bat eraman genuen Bizkaia alde hartara. Zaraitzu aldeko Axuri-beltza eta Otsagabiko dantzetarik batzuk eman genituen lehen zatian.
Bigarren parte batean Iruñean dantzatzen ohi dugun San Juan bezperako soka-dantza eman genuen.
Amaitzeko, eta ia kasik udazken arrats hartako ilunpean, Luzaideko zenbait dantza eman genituen. Pazko igandeko puska-biltzan egiten dituztenak eta ondotik plazan dantzatzen dituztenetatik beste zenbait, kasik Balkanetakoa zirudien musikari bandak lagunduta! ;-)
Horrekin egin genuen antrexatak eta fini, Iurretako plaza ederrean. Iurretako dantzariei esker mila gonbidapenagatik!
Bizkaian herbesteraturik dugun Aitor Razkin dantzaria aritu zen emanaldian argazkigile eta sorta eder hau utzi zigun.
EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:
FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.
Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.
Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.