Otsagabian

Erabiltzailearen aurpegia Carlos Uranga

Karlixtoekin hasi giñan-ta
Reketekilan segitu
Salbatu omen Espania oro
Oro Nafarroa salbu

Horrela bukatzen da “Otxagabian” izeneko kopla famatua. Etxamendi eta Larralde bikote baxenafartarrak kontatzen digu nola euskaldunok neke eta penetan ibili gara beti, atzerriko erregeak lagundu nahian.

Berriz ere, gerra oihuak entzuten dira Madrilen eta, duela bi mende egin genuen bezala, orain Sanchez erregea behar dugu salbatu. Eta berriz ere, hegoaldeko euskaldunok zintzo eta leial jarriko gara lehen lerroan.

Hauteskundeak piztu zituen afera ezaguna da: etxebizitza eta porrot egindako bi dekretuak. Aitortu dezagun. Espainian ez da sekulan garatu fundamentuzko etxebizitza politikarik. Beharbada, eta asko jota, politika inmobiliaria bat.

Rentismoa gaixotasun bat da, eta etxebizitza ez da salerosteko nolanahiko merkantzia. Hain zuzen ere, norbanakoari duintasuna eta segurtasuna ematen digun ondare publikoa da. Beraz, botere publikoen esku hartzea irmoa izan behar da.

Orain “Vienako ereduari” begira gauden honetan, non etxebizitza-parkearen erdia jabetza publikokoa den, gogoratu behar da etxebizitza sistema publiko sendo bat sortzeko, BPG %2a inbertitu behar dela, urtez urte, hamarkadaz hamarkada. Ez da berehala konponduko den gai bat, ezta mirarizko bi dekretu horien bitartez ere. Espainian, kopuru hori ez da %0,20ra iristen, ia 10 aldiz gutxiago.

Etxebizitzaren Euskal Behatokiak ondorioztatu du joan den urtean etxebizitza politiketan estatu osoan gastatutako 5 eurotik, 1 Bascongadetan gastatua izan zela: %20. Ez da portzentai makala populazioaren %5a izateko.

Bihar deituta dago greba orokor bat, bai Espainian eta bai Euskal Herrian, eta kointzidentzi horrek eraman gaitzake pentsatzera egoera berdinean gaudela. Ezta urrundik ere. Hala ere, beste behin, euskaldunok, zintzo eta leial, atzerriko erregeak salbatu behar ditugu.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!