Bertsolari Txapelketa Nagusiaren hirugarren finalaurrekoa jokatu da asteburuan Irunen, Ficoba erakustazokan. 2.510 bertsozale bildu dira bertan saioa entzutera. Ariketa guztiak egin ondoren Sustrai Colinak finalaurrekoen bigarren itzulirako zuzeneko txartela eskuratu du. Beraz, bigarren itzulian Baionan kantatuko du azaroaren 26an. Saioan, hurrenez hurren, horrela geratu dira puntuazioak: Sustrai Colina 710, Nerea Ibarzabal 673, Jone Uria 660,5, Miren Artetxe 644,5, Maddalen Arzallus 635 eta Ane Labaka 631,5.
"Kalean zoazela haren ahotsa entzun duzu. Hunkitu egin zara" gaia emanda, gabarako lanean eskuratu zituen Colinak puntu gehien.
Durangon izanen da hurrengo finalaurrekoa, larunbatean. Aitor Bizkarra Ruiz, Aitor Mendiluze Gonzalez, Beñat Gaztelumendi Arandia, Eñaut Martikorena Lizaso, Julio Soto Ezkurdia eta Saioa Alkaiza Guallar ariko dira kantuan. Saioa bukatuta, sailkapen orokorrean puntuaziorik baxuena duten sei bertsolariek ez dute aurrera egingo.