Ariketaz ariketa osatu dute egin beharrekoen zerrenda, eta Joanes Illarregi izan da puntu gehien pilatu dituen bertsolaria, 678 puntu. Haren atzetik, hurrenez hurren, Saioa Alkaiza (673), Iñaki Apalategi (664), Xabat Illarregi (659), Miren Amuriza (646,5) eta Gorka Pagonabarraga (616).
Horrela, Joanes Illarregik Elizondoko finalaurrekoan kantatuko du urriaren 22an, Unai Agirrerekin eta Alaia Martinekin batera. Gaurko beste bost bertsolariek puntuazioaren arabera izango dute finalaurrekoetara sailkatzeko aukera.
Lehen fasea epaitzeko lana duten seikotea aritu da gaurkoan ere puntuazioa jartzen: Egoitz Iradier Martinez de Albeniz, Eneko Bidegain Aire, Jurgi Fuentes Goikoetxea, Karlos Ibarguren Olalde, Leire Beloki Lizarralde, Miriam Juaristi Urizar eta Saioa Mitxelena Irazoki aritu dira. Idazkari lanetan, berriz, Ane Errazkin Aranburu eta Joxe Mari Altuna Berridi.
Gaurkoan ere, zortziko nagusi eta txikiko saioak egin dituzte bertsolariek lehenengo, eta puntu erantzunak eta hamarreko txikiko ariketa gero. Azkenik, ganbarako lanean jardun dute. Hauxe gaurko gaia: "Autoa hartu duzu bila joateko. Iristear zinela, ordea, buelta ematea erabaki duzu".
Bertsolarien agurrekin amaitu da saioa.
Hurrengo asteburuan, beste bi saio
Getxoko eta Arrasteko saioen ondoren, hurrengo asteburuan ere beste ekitaldi bi izango ditu txapelketak. Larunbatean Gotaine-Irabarnen izango da saioa, herriko gelan. Igandean, berriz, Gasteizko Europa Jauregian izango da saioa. 17:00etan hasiko dira biak.