Haizea Beruete Lopetegi bertsolari iruindarra zendu da, 28 urte zituela. Beruetek bertsolaritzako hiru plaza garrantzitsuetan kantatu zuen: eskolartekoan umetan (Euskal Herriko Eskolarteko finalean 2008an); Nafarroako Bertsolari Txapelketan (2013), Larraintzarren, Julen Zelaieta, Aritz Saragueta, Amaia Elizagoien, Oier Lakuntza eta Ekaitz Astizekin batean. Nafarroako Bardoak taldekako txapelketan ere hartu zuen parte Beruetek Gora 12 obario eta 11 pedrada taldean, Erika Lagoma, Saioa Alkaiza eta Irati Majuelo taldekide zituela. Bertso eskolako kideak lauak, eta Lagoma irakasle ere izan zuen Beruetek. Gazte sariketetan ere kantatu zuen: Mariano Izeta Sarian eta Xalto Sarian, esaterako. 2018an, Barañaingo kopla sariketan hartu zuen parte.
Bertso udalekuetan begirale eta Gure Aldetara diskan partaide
Bat-bateko jardunean eta txapelketan ez ezik bertsolaritzako beste proiektu batzuetan ere hartu zuen parte. Bertso eskolako irakasle aritu zen eta bertso udalekuetan begirale.
Horretaz gain, 2021ean, Nafarroako Bertsozale Elkartearen eskutik, Gure Aldetara diskan hartu zuen parte, beste 13 emakumezko bertsolarirekin batean. Gure Aldetara, Nafarroako emakume bertsolariei ahotsa emateko proiektua da eta 14 kantuz osatua dago. Ekimen horren harira bertso jaialdiak egin ziren eta horietako batean, gai-jartzaile aritu zen, 2021ko abuztuan Ezpeleta Jauregian egin zen jaialdian, hain zuzen ere. Sarai Robles, Erika Lagoma, Idoia Granizo eta Amaia Lasheras aritu ziren bertsotan.
Tripak: huts bete hots poema liburua eta proposamen eszenikoa
Bere sormen bidean, Tripak: huts bete hots poema liburua eta proposamen eszenikoa ondu zituen Haizea Beruetek, Eguzki Donnellanekin batean. Proiektuak Gazte Sortzaileak saria jaso zuen 2018an.